Emakume sortzaileen azoka egingo dute igandean Aian
Emakumeen lanari ikusgarritasuna emateko eta ekonomia txikiari laguntzeko egingo dute, igandean. Postuak jartzeko epea itxita dago, dagoeneko, baina bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

Ataunen urteroko ohitura bilakatzen ari da emakume sortzaileek beren sorkuntzak jendaurrean erakutsi eta produktuak saldu ahal izateko emakume sortzaileen azokari egutegian lekua egitea. Aurtengoan ere, udararen hasierarekin eta beroaren etorrerarekin batera, igandean egingo da azoka, goizeko ordutegian, Aiako plazan. Bertan ospatuko dituzten festen egitarauaren barruan egingo diote lekua.
Ataungo Biboletak Emakumeen Taldeak antolatutako ekimena izango da, emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna ematea, herriko zein inguruko sormenaren balioa nabarmentzea eta herriko ekonomia txikiari bultzadatxoa ematea helburu duena. Denetariko produktuak egongo dira bertan: bitxiak, ilustrazioak, eskulanak, kosmetika naturalak, osagarriak, janariak edota bestelako sorkuntzak.
Arrakasta
Aurreko edizioetan legez, azokak erantzun ona izatea espero dutela adierazi dute antolatzaileek: «Aurreko urteetako arrakasta kontuan hartuta, argi dugu halako espazioek funtsezko rola betetzen dutela sortzaileen lana balioan jartzerako orduan».
Bertaratzeko deia
Bertan postu bat jarri nahi duen sortzaileak, dagoeneko ez du lekurik izango, baina herriko zein inguruko sortzaileen lanak ezagutarazteko interesa izan dezakeen herritar orori, bertaratzeko gonbidapena luzatu diote.