Ekaineko osoko bilkura egingo dute gaur

Ekaineko osoko bilkura egingo dute gaur, 18:00etan. Punturik aipagarrienen artean, 2025-2028 aldirako Berdintasunerako Barne Planaren hasierako onarpena dago, datozen urteetan toki-administrazioaren barruan berdintasuna bermatzeko jarraibideak ezarriko dituena.
Ekonomia arloan, Kontuen Batzorde Bereziak 2024ko kontu orokorra aurkeztuko du, onar dadin. Horrez gain, 2025erako urteko finantza-kontroleko planari, 2024ko barne-kontroleko urteko txostenari eta 2023ko ekintza-planaren emaitzei buruzko informazioa emango du.
Herritarren Batzordeak proposatuta, Loinatz Udal Musika Eskolaren funtzionamendu araudiaren aldaketa, 2025ean Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) banatzeko irizpideak eta udal kiroldegiko ur, zabor eta erabilera tasekin lotutako laguntzak emateko oinarriak eztabaidatuko ditu udalbatzak.
Bestalde, Lurralde Batzordeak proposatuta, Garingo saneamendu-obren bosgarren ziurtagiria eta San Inazio eta Esteban Lasa kaleen berrurbanizazioaren zazpigarren ziurtagiria eztabaidatuko dituzte.
Osoko bilkuran Goierri garaia, Goierri behea eta Donostia lotzen dituen hiriarteko GO07 autobus linea berriaren aldeko mozioa aurkeztuko du PSE-EEk.