Ezkiaga auzoko festak indarberrituta datoz
San Pedro jaiak ospatuko dituzte ostiraletik igandera arte. Egitarau bete-betea antolatu du Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkarteak.

Sanjoanak pasata, San Pedro jaien txanda izango da asteburu honetan. Beasainen, Ezkiaga eta Arriaran auzoetan ospatuko dituzte.
Ezkiagan, aspaldiko jaien nostalgian, auzo festak berreskuratzeko lan handia egin dute auzotarrek. Ezkiaga Auzoko Bizilagunen Elkartea sortu zuten urte honen hasieran, belaunaldi desberdinetako pertsonak elkartuta, auzoa biziberritzeko helburuarekin.
Ezkiaga, nortasun propio duen auzoa da; langile auzoa izan da beti eta oraindik ere gordetzen du klase kontzientzia hori. Bertako jaiak ere, ezinbestean, bereizgarri horren adierazle izan dira beti, eta indar handia izan zuten urteetan zehar. Baina beste toki askotan gertatu bezala, izan errelebo faltagatik, izan antolatzeko gihar faltagatik, behera egin zuten, ia-ia galdu arte. Azkeneko urteetan, ekintza gutxi batzuk antolatu izan dira, baina aparteko ikusgarritasunik gabe.
Aurtengoan, ordea, hiru eguneko egitarau bete-betearekin berreskuratuko dituzte jaiak. Gaur irekiko dituzte barrakak, eta jaien hasiera ofiziala, bihar 17:00etan egingo dute, suziriaren jaurtiketarekin. Hortik igandera arte, denetariko ekintzak izango dira, adin tarte eta gustu guztiak asetzeko asmoarekin.
Kontuan hartzekoen artean, larunbatean, mus txapelketan eta igel eta toka txapelketetan izen ematea egunean bertan egingo da. Eta patata tortilla lehiaketako partaideek etxetik eraman beharko dute prestatutakoa.
Herri bazkarian parte hartzeko tiketen salmenta gaur bukatuko dela gogorazi dute. Oskarbi, Erloju eta Txoko kafetegietan daude salgai 7 euroan.
EZKIAGAKO FESTETAKO EGITARAUA
Ekainak 27, ostirala
- 09:00: Haurrentzako jolasak.
- 16:00: Kiki, Koko eta Moko pailazoak.
- 17:00: Jaien hasierako suziria. Segidan, buruhandiak.
- 18:00: Txistorra eta sardina jana.
- 22:00: Susto kale antzerkia.
Ekainak 28, larunbata
- 10:00: Umeentzako puzgarriak eta jolasak.
- 12:00: Apar festa.
- 16:00: Esku-pilota txapelketa.
- 18:30: Sagardo dastaketa, Lasko txarangak girotuta.
- 22:00: San Pedro sua Mariaratseko aparkalekuan.
- 23:00: Ahantzi erromeria taldea.
- 01:30: DJ Marlo.
Ekainak 29, igandea
- 10:00: Mus txapelketa, toka eta igel txapelketa, eta patata tortilla lehiaketa.
- 14:00: Bazkari herrikoia. Ondoren, Kike Biguri eta Alex Rabanal bakarrizketalariak, eta bingoa.