Zaldibian gaur hasiko dira 27. Gazte Festak
Gaur txupinazoa, baltsa jaitsiera eta antzerkia dituzte. Bihar, sasi-pilotariko finalak, sagardo dastaketa eta kontzertuak. Larunbatean, Zubi-blok, afaria eta kontzertuak.

Iritsi dira aurtengoan ere Zaldibiako Gazte Festak. Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu du herriko Gazte Asanbladak, gaur arratsaldean hasi eta larunbatera arte, hogeita zazpigarren edizioa ospatzeko. 1998ko uztailean antolatu zituzten herriko gazteek aurreneko festak; hilaren erdialdean egiten ziren hasierako urteetan, eta astegunetan, asteazkenetik ostiralera normalean.
Baina badira ekintza batzuk urte luzeetako ohitura bilakatu direnak: sagardo dastaketa eta kontzertuak, esaterako. Bi ekitaldi horiek biltzen dute jende gehien, eta ostiraleko jardunaldian izaten da girorik beroena. Festen egitura klasikoari, ordea, berritasun batzuk txertatu dizkiote.
Ekintzez betea
Patxadatik ekingo diote hiru eguneko egitarauari, gaur arratsaldean, txupinazo, baltsa jaitsiera, txaranga, afari eta antzerki artean. Gaztetxe parean hasten dira festak Arkakusoaren jaitsierarekin, eta segidan baltsa jaitsiera egingo dute Amundarain errekan barrena, garai batean egiten zen ekitaldia berreskuratuta.
Giroa bihar, ostirala, berotuko da, goizetik ume jolasekin. Arratsaldean, berriz, sasi-pilotari txapelketako finalak eta sagardo dastaketa izango dira. Finaleko partidak horrela jokatuko dira: mutiletan Josu Mendizabal eta Alar Mendizabal buruz buru, eta nesketan, Ianire Lopez- Goizane Irastortza bikoa Itziar Iraeta-Itoitz Monteroren aurka.
Sagardo dastaketan ere, hamaika ezberdin probatzeko aukera izango dute zaldibiarrek: Begiristain, Goikoetxea, Eguzkitza, Zabala, Altzueta, Gaztanaga, Gartziategi, Larrarte, Rufino, Lizeaga eta Isastegiko sagardogileen eskaintza. Gaueko kontzertuek borobilduko dute eguna. Zatekeen erromeria talde urretxuarra, Mirua tolosarrak eta Dj Dazanga donostiarrak ariko dira gau-giroa jartzen.
Larunbatean, berriz, Gailurrerantz mendi elkarteak bi urtez antolatu duen Zubi-Blok eskalada gunea berreskuratu eta prestatuko dute. 16:00etan emango zaio hasieran, eta parte hartu nahi duenak, bost euroko kuota ordaindu eta aurrez izena eman beharko du, gailurrerantzme@gmail.com helbidera mezua idatzita. Gauean, afaria eta kontzertuak izango dira: Hertzainak taldearen Txalainak tributoa, eta Dj Txustiyas gazte tolosarrak arituko dira.
EGITARAUA
Ekainak 26, osteguna
- 17:00: Txupinazoa.
- 18:00: Baltsa jaitsiera.
- Bitartean: Txaranga.
- 21:00: Afaria.
- 22:00: Antzerkia.
Ekainak 27, ostirala
- 11:00: Ume jolasak.
- 18:00: Sasi pilotako finalak.
- 19:00: Sagardo dastaketa.
- 22:00: Kontzertuak: Zatekeen erromeria, Mirua eta Dj Danzanga.
Ekainak 28, larunbata
- 16:00: III. Zubi-Blok, Gailurrerantz mendi elkartearekin batera.
- 21:00: Afaria.
- 23:00: Kontzertuak: Txalainak eta Dj Txustiyas.