Badituzte ideiak dantza taldeetarako
Gazteen dantza topaketak egiten ari dira asteburuan Seguran eta Zerainen. Hainbat galderari erantzunez, taldeetan aplikatzeko moduko proposamenak egin dituzte. Proposamenak idatziak gelditu dira.

«Zer egin genezake dantza taldeetara gazte gehiago erakartzeko?». Kartoi mehe handi batean idatzita dagoen esaldia irakurri du gazte batek, eta ideia jasan hasi dira. Dantzari gazteen hirugarren topaketak egiten ari dira asteburuan Seguran (Gipuzkoa) eta inguruko herrietan, eta gaur goizean mingaina ere dantzatu dute, Zerainen. Txokotan jarri dira; haietako batean, hausnartzen aritu dira. Legazpiko (Gipuzkoa) Sustraiak dantza taldeko Amaia Azpeitia gazteak zera ohartarazi du: «Gazteen artean, oro har, konpromiso gutxi dago kulturarekin, eta dantzarekin berdin».
Baina hausnarketa hori serio hartu badute ere, ez dira etsipenean jausi. Proposamen batzuk egin dituzte dantza taldeetara gazteak erakartzeko. «Trukeak egitea. Truke gehiago izatea beste talde batzuekin», esan du Ugaoko (Bizkaia) mutil batek. Gasteizko Jare taldeko batek esan du egun ez dutela trukerik egiten. Beste herri bateko dantzari batek aipatu du txikiek egiten dituztela trukeak, baina gazteek ezetz. Bestalde, dantza taldeetara mutilak erakartzeko arazoak daudela aipatu du Azpeitiak: «Iruditzen zait aurreiritziak daudela mutil dantzarien inguruan. Eta herri batzuetan, erreferenteak falta dira mutil dantzarietan». Ugaon, aldiz, ez dute halako arazorik, mutil batek aipatu duenez. Batetik bestera errealitatea aldatu egiten baita. Ikuskizunen tipologiaz ere aritu dira, eta dantzari gazteetako batek aipatu du ikusgarri batzuk «oso tradiziozkoak» direla eta bestelakoak ere behar direla jendea erakartzeko. «Herriko gazteekin dantza-parranda egitea» proposatu du beste batek.
Hausnartzen jarraitu dute, giro onean. Eta, azkenerako, proposamen hauek utzi dituzte idatziak kartoi mehean: «Kaleetan presentzia handiagoa izatea, kartelak jartzea; ate irekien egunak egitea, eta dantzari bakoitzak lagun bat erakartzea; ekintza erakargarriak egitea, kasurako inauterietan, eta ikuskizun berriak sortzea; eta ikastetxeetan publizitatea zabaltzea».
Metodologia eta prestaketa fisikoa
Hausnarketa txokoan bildu den hurrengo taldeari, galdera hau egokitu zaio: «Zer egin genezake dantza sare sozialetan gero eta hobeto ikus dadin?». Erantzunak, hauek: «Tiktokeko trend bat [boladako eduki bat] sortzea; taldeetako gazteek eskoletan hitzaldiak edo saioak ematea; saioak aire zabalean egitea, edonork parte hartu ahal izateko; argazkiak taldeen artean zabaltzea eta sare sozialetan jartzea».
Artikulu osoa Berria.eus web gunean.