Errekortarien eta bigantxen erakustaldia egin dute Zumarragan
Marques de Saka ganadutegiko bigantxak ekarri dituzte. Denera zazpi errekortarik parte hartu dute, eta hiru dinamika desberdin egin dituzte.

Santa Isabel jaietan murgilduta dago Zumarraga eta gaurko bero sapa ez da oztopo izan festarekin jarraitzeko. Goizean goiz hasi dute zumarragarrek eguna, hainbat ekintzarekin: arte eta eskulangintza azoka, ponietan paseoak, Zumarragako Musika Bandaren kontzertua eta musika eskolako triki-txarangaren kalejira.
Arratsaldeko seirak aldera hasi da eguneko ekintza nagusia: errekortarien eta bigantxen erakustaldia. Ohiko moduan, Marques de Saka ganadutegiko bigantxak ekarri dituzte. Denera zazpi errekortarik parte hartu dute, eta hiru dinamika desberdin egin dituzte.
Errekortarien ostean, musika izan da protagonista Zumarragako kaleetan. Lehenik, Goiargi abesbatzak kontzertua eman du, eta jarraian, Musika Eskolako ikasleen rock kontzertuaren txanda izan da. 20:00etan Joxe Mari Orbegozoren eskolako ikasleek aretoko dantzak egin dituzte. Eguna amaitzeko, herriko DJen emanaldiak izango dira, 23:00etatik aurrera: Maiquel Calvo, Chama, Muri, eta Josu Rodriguez.




































































