Legealdiaren erdia eginda balorazio "baikorra" egin du Beasaingo udal gobernuak

2023-2027 legealdiaren erdia beteta, denbora horretan egindako lanaren balorazio “baikorra” egin du Beasaingo Udal Gobernuak. “2023an hartutako konpromisoak betetzen ari gara, helburu bezala beasaindarren bizi kalitatea hobetzea dutenak. Bide horretan, herritarren partaidetza ezinbestekoa izaten ari da eta laguntza hori eskertzen dugu, funtsezkoa baita herri bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko” adierazi du Leire Artola alkateak.
Lehenengo bi urte hauetan gauzatu diren proiektuen errepasoa egin nahi izan du EAjren Udal Gobernuak. Azpimarratu dituztenen artean Ezkiaga auzoan uholdegarritasun arriskua gutxitzeko egindako lanak daude, kale argiteria LED teknologiara aldatzeko lehen bi faseak burutu dira baita Salbatoreko bidegorria argiztatu eta Loinaz futbol zelaian plaka fotovoltaikoak instalatu ere. Bestetik, ibaietako ekosistemarekin zerikusia duten garbiketak eta landare inbaditzaileen erauzketak egin dira ibaira zaborrik ez erortzeko zokaloak jarri dira.
Mugikortasuna hobetzeko helburuarekin, Igartza Oleta zein Antzizarreko bidegurutzeak biribilgune bilakatu dira. Horrez gain, auto elektrikoa alokatzeko zerbitzua martxan dago Gernika pasealekuko aparkalekuan. Era berean, Alkartasuna Lizeora irisgarritasuna hobetu da.
Ekonomiari bultzada emateko helburuarekin, Goiekin, Hazilan+ edo Elkar Ekin bezalako ekimenak sustatu dituela gogorarazi du Udal Gobernuak. Bestalde, Tori! banaketa sistema jarri dute martxan, azokako ekoizle eta Beasaingo merkatari txikiei etxez-etxeko zerbitzua ematea ahalbidetzen diena.
Etxebizitza politiketan, alokairu bidezko emantzipazioa babesteko dirulaguntzekin jarraitu du Udalak, 18-35 urte bitarteko gazteei eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendurikoak, baita lokal komertzialak etxebizitza tasatu bilakatzeko ordenantza eguneratuarekin ere. Bestetik, Etxebizitza Hutsen azterketa burutu da, Beasainen hutsik dauden 252 higiezinak merkaturatzeko estrategiak proposatzen dituena.
Abian dauden proiektuak
Gainera, epe honetan martxan jarri da San Inazio-Esteban Lasa ardatzaren berrurbanizazioa, epe laburrean bukatzea espero dutena.
Kultur azpiegiturei dagokienez, Loinatz Udal Musika Eskola eraberritzea eta Bonberia Kultur Gunea izeneko espazio berriaren eraikuntza prozesuak aktibatuta daude.
Ondareari eta arteari dagokionez, Andre Mari Zeruratuaren parrokiako horma-irudi errenazentista berreskuratzeko lanen finantziazioan parte hartu da.
Egiteko daudenak
Legealdi honetarako Udal Gobernu honen konpromisoen artean daude Barrendain plazaren eraberritzea, urte amaieran hastea iragarri dutena. Adinberri, EHU, Asmube, Nagusilan eta beste eragile batzuekin batera landu duten espazio horretarako proiektuak, nahi ez den bakardadea ekiditeko sortutako espazio bat izango da.
Urte amaierarako ere, Gazteleku berriaren lanak hastea espero du Udal Gobernuak.
Horien ondoren, osasun zentroa eta Indar lantegia lotuko dituen Bide Berdea, Arana-Gaiztarro parkearen eraberritzea, Olaran Talentu Faktoria eta Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria etorriko dira.
Udal gobernu taldearen esanetan, “legegintzaldiaren erdian gobernu-ekintza sendoa erakutsi dugu: azpiegituren exekuzio eraginkorra, politika sozial sendoak, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzearen sustapena uztartzen dituena. Udal gobernuak konpromisoa berresten du Beasain herri inklusiboago, jasangarriago eta parte-hartzaileago baten alde lan egiteko, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorriz eta herritarren lehentasunak kontuan hartuz”.