Kuko jatetxea Gastronomika Talent sarietako hautagaien artean
Jatetxe jasangarrien saria jasotzeko hautagaien artean dago izendatuta Ormaiztegiko jatetxea.

Martxan da Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea xede duen Gastronomika Talent sarien aurtengo edizioa, eta epaimahaiak dagoeneko jakitera eman du hautagaien zerrenda. Ormaiztegiko Kuko jatetxea da horietako bat. Jatetxe jasangarrien saria jasotzeko hautagaien artean dago izendatuta, azken urteetan Iñaki Telleriak zuzentzen duen jatetxea.
Uztailaren 16an banatuko dituzte sariak Donostiako Maria Cristina hotelean, eta han izango dira Kuko jatetxekoak ere. Aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritza kide Idoia Callejarekin nahiz Guille Viglione gastronomoarekin batera.
Urrutira joan gabe, Kuko jatetxeak Jakitea Gipuzkoako sukaldarien elkartearen sarietako bat irabazi zuen iaz, Kilometro Zero filosofiaren eta Labelaren Aldeko Apustuaren Saria, hain zuzen. Iñaki Telleria sukaldariak 2022an hartu zuen Kuko jatetxearen gidaritza, 21 urtez han aritu zen Iker Markinezi erreleboa hartuta.