Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda kaleratu du aldundiak
Plazaratutako zerrendak 2024ko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu. Albiste barruan kontsultatu daiteke.

Gipuzkoako Foru Ogasunak ekainaren 25ean argitaratu zuen bere zordun handien hamargarren zerrenda. Guztira 82 subjektu biltzen ditu. Plazaratutako zerrendak 2024ko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu.
Hego Euskal Herriko lau herrialdeen artean, Gipuzkoa izan da zerrenda murriztu duen bakarra. Izenei dagokienez, iaz baino bi gutxiago dira: bederatzi zergadun sartu dira zerrendan, 10,9 milioi euroko zorrarekin, eta 11 irten, 109,7 milioi zor zituztenak. Guztiek pilatutako zorra ere apaldu egin da: 2023koa baino hamasei milioi txikiagoa da, 203 milioi eurokoa. Izan ere, pisu handiko zordun batzuek zorra murriztea lortu dute.
Ogasunaren egoitzan kontsultagai
Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke. Izen horiek plazaratzea “foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan kokatzen” da, eta “gaizki ikusiak dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea” du helburu. “Beste era batera esanda, foru Ogasunaren helburua zerrenda kaleratuta pedagogia egitea da zerga betebeharrak borondatez betetzearen inguruan eta, era honetara, gizartearen gaitzespena lortu eta zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragotzi”, nabarmendu du oharrak.
Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta honek 10 egun ditu alegazioak aurkezteko. Epe horren ondoren, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egiten da eta hiru hilabetez egoten da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.
Zordunik handienak
Horien artean dago, hain justu, Lagun Artea taldea. Zumaiako enpresak (Gipuzkoa) altzairuaren sektoreko ekipo ondasunen diseinuan, eraikuntzan eta horniduran jarduten zuen, eta Bascotecniak erosi zuen lehenik, eta Sarralek gero. 2017an, ordea, konkurtsora jo zuen, eta ia sei milioi euroko zorra zuen ogasunarekin.
Halaber bere zorra ordaindu dute, besteak beste, Baltz Berrik —hiru milioi euro—, Maskota 2 SM-k —1.500.000 euro— eta Seirok 2000 SM-k —milioi bat—. Giconscerak, Fundibul Acerosek, Magic Offset Maquinaria Graficak, Amamokikinenek, Kondia M E taldeak eta Juan Manuel Torres Garciak ere kitatu dute zorra.
Bost milioi eurotan murriztu dute zorra eraikuntza sektoreko Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiek ere, baina Gipuzkoako Ogasunari diru gehien zor diotenak dira oraindik ere: 40,5 milioi euro zor dituzte biek ala biek. Zorra bakarra da, baina biak dira erantzule. Halaber, Fagor Etxetresnak kooperatiba ere zerrendako goiko postuan dago oraindik ere, 14,5 milioi euroko zorrarekin. Ramon Vizcaino zenaren bi enpresen artean ere 11,4 milioi euro zor dituzte: sei milioi Tecfrindusek, eta 5,4 Grupo Ramon Vizcainok.