Ataunen etorkizuna elkarlanean diseinatzen
HAPO dokumentua herritarren eskura jarri eta ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Garapen jasangarriaren aldeko apustua egin nahi du.

Ataungo Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenaren lehen urratsa egin du, eta planaren irizpide, helburu eta hautabide nagusiak jasotzen dituen oinarrizko dokumentua herritarren eskura jarri du. Prozesu honen bidez, herritarren parte-hartzea bultzatu nahi du udalak, «udalerriaren etorkizuneko garapen eredua elkarlanean diseinatzeko asmoz». Zehaztutako irizpideen artean nabarmendu dituzte gizartearen ongizatea bermatzea, natur eta kultur ondarea zaintzea eta lurzoruaren erabilera arduratsua egitea. Planaren helburu estrategikoek Ataungo garapen orekatu eta jasangarri baterako norabidea markatzen dute.
Lehentasunezko helburu gisa zehaztu dute herrigunearen kohesioa eta bizigarritasuna hobetzea, auzoen aldeko loturak sendotuta eta herritar guztiek oinarrizko zerbitzuetara irisgarritasuna izanda, eta baita mugikortasun jasangarria bultzatzea ere.
Etxebizitza politika ardatz
Udalerriaren nortasuna eta izaera propioa ere funtsezkotzat jo dute, horretarako lurraldearen ezaugarriekin bat datorren garapen-eredu baten aldeko apustua eginda. Izan ere, landa-ingurunearen balioa aitortu eta babestu nahi dute, eta tokiko ekonomia jarduerak indartu. Horrez gain, etxebizitza politika ardatz estrategiko gisa ageri da, batez ere gazteei eta herrian bizitzen jarraitu nahi duten familiei etxebizitza eskuratzeko aukerak ematea xede duena. Diotenez, horrek biztanleria egonkortu eta belaunaldi berriak herrian geratzea ahalbidetuko luke.
Azkenik, klima aldaketaren aurkako borroka ere helburu nagusien artean kokatu dute. Hori lortzeko, energia berriztagarrien erabilera sustatu eta eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak proposatu ditu. Modu horretan, Ataun jasangarriago eta erresilienteago bat eraikitzen lagundu nahi da.
Etorkizunerako hiru aukera
Plan Orokorraren berrikuspenak Ataunen etorkizuneko garapena gidatzeko hiru aukera estrategiko planteatzen ditu. Aurrenekoak egungo antolamendu-ereduari eustea proposatzen du, alegia, orain arteko garapenaren bidetik jarraitzea, aldaketa handirik gabe eta egonkortasuna bilatuta.
Bigarrenak, berriz, hazkunde moderatua aurreikusten du, hau da, herria hazteko aukera ematen du, baina ingurumenaren zaintza eta oreka kontuan izanda.
Hirugarrenak, azkenik, herrigunearen kohesioan eta barne-hazkundean jartzen du fokua, azpiegiturak eta baliabideak erdigunean jarrita, bizigarritasuna eta komunitatearen lotura sendotzeko asmotan.
Ekarpenak egiteko aukera
Dokumentua jendaurrean jartzea ez ezik, iritzi eta ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du Ataungo Udalak, herritarren parte-hartzea bultzatuta, helburua herritarren ekarpenekin aberastutako plan bat osatzea izanda.