Beasaingo garagardo azoka, irailaren 18tik 20ra
Iraileko hirugarren asteburuan, Beasaingo Loinazko San Martin plazaren azpialdea garagardotegi bilakatuko da beste behin ere. Euskal Herriko eta nazioarteko garagardoak dastatzeko aukera izango da, Etxerat elkartearen eskutik.

Iraileko hirugarren asteburuan, 18tik 20ra, Beasaingo Loinazko San Martin plazaren azpialdea garagardotegi bilakatuko da beste behin ere. Euskal Herriko eta nazioarteko garagardoak dastatzeko aukera izango da, Etxerat elkartearen eskutik. Irailaren 18an, ostegunean, irekiko dute. Barrari dagokionez, egunero 18:00etan irekiko da.
Hitzordu horretarako, “apustu sendoa” egin du antolakuntzak, ostera ere, garagardo eskaintza zabala izan dadin. 37 garagardo izango dira aukeran, 27 iturritik eta 10 gehiago botiletan: Pilsner
txekiarrak eta Alemaniarrak; Helles, Weissbier (Garizti) eta OktoberFestbier Bavariarrak; Landbier eta Dunkelweizen txigortuak, eta Bockbier eta Doppelbock ilunak Bavariarrak; Irish Ale, Irish Beltza eta Irish Gorria irlandatik; Abadiakoak, Dubble, Tripel, Belgian strong blond. Pale Ale Gorria edota Witbier txuria Flandria eta Waloniatik. Orokorrean, atzerritik 16 Bavariarrak eta beste 4 germaniarrak, 5 flandriarrak, 3 waloniarrak, 3 irlandarrak, 2 txekiarrak eta japoniar 1 izango dira.
Aldiz, Euskal Herriko garagardoen artean, antolakuntzak aurreratu du, hiru garagardo Etxeratentzako bereziki prestatukoak direla, haien artean, eskaintzan izango den IPA bakarra, Sterke Bier bat eta beste Pilsner hori bat.
Edizio honetarako berritasunen artean nabarmentzekoak Bockbier eta Doppelbock garagardo ilunak, Anbereseko Pale Ale Gorria, Irish Ale edo Oktoberfestbier. Horiez gain, aipamen berezia ere, garizti garagardoen eskaintza zabala izango dela. Graduazio ertaineko 6 garizti garagardo izango dira, eta beste 3 goi graduaziokoak.
Jatekoa ere ugari
Edatekoari laguntzeko, jatekoa ere ez da faltako. Sukaldea, ostegunetik igande goizaldera arte egongo da irekita barrako ordutegi berdinarekin. Ukondoa, Bratwurst eta Frankfurt saltxitxak, hanburgesa, eta solomo ogitartekoak.
Dudarik gabe, garagardoa gustuko duten goierritarrek, irailaren 18tik 20ra, Beasaingo Plazazpian dute hitzordua. Hiru egun horietan, 2.700 garagardo litrotik gora zain izango dituzte eta, horrekin batera, 500 txerri-ukondotik gora, ehunka Bratwurst eta Frankfurt saltxitxa, ehunka patata errazio eta hanburgesa eta 400 solomo ogitarteko.