Urbanizazio lanak egiten ari dira Gurutze Berri auzoan
1, 2 eta 3. atarietako blokeei dagozkien lanak dira. Hormigoitze lanak eta aparkalekuak eta espaloiak urbanizatzekoak egiten ari dira egunotan. Lanak 2023ko irailean hasi zituzten.

Idiazabalgo Udalak berriki jakitera eman duenez, Gurutze Berri auzoa eraberritzeko lanak “bide onean” doaz. Pasa den astean, 2. zenbaki aurreko hormigoitze lanak bukatu zituzten eta aste honetan, 1, 2 eta 3. zenbakien arteko eskailera eta pasabideak hormigonatuko dituzte. Gainera, 1. eta 3. etxeen aurreko aparkalekuak eta espaloia urbanizatzeko lanak ere burutzen ari dira egun hauetan.
Gurutze Berri auzoaren eraberritzea udal gobernuak legegintzaldi honetarako duen proiektu garrantzitsuena da. Lanak 2023ko irailean hasi zituzten eta, aurtengo udaberrirako amaituta behar zuten. Lan nagusienak amaituta dauden arren, oraindik badira egitekoak.
Zortzi bloke, bost fase
Gurutze Berri 65 urteko antzinatasuna duen auzo bat da, zortzi etxe blokerekin. Horregatik, proiektuaren helburu nagusiak auzoko zerbitzu guztiak berritu eta irisgarritasuna hobetzea izan dira. Lanak bost fasetan banatuta egin dituzte, bertako bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko helburuarekin.
Egindako lanen artean, hoditeria eta kableatu guztiak berritu dira eta lehen goitik pasatzen ziren argindar kableak lurpetik pasa dira. Espaloi berria egin eta errepidea asfaltatuta daude etxe aurre batzuetan eta falta direnak egun hauetan ari dira egiten. Guraso Elkartearen parean parkea ere jarri dute dagoeneko. Lanek guztira, 2,2 milioi euroko aurrekontua dute.