Lazkaoko Udalak 100.000 euro bideratuko ditu euri jasen kalteen erreparaziorako
Urbanizazio eta saneamendu lan berriek Areso eta Antzalde kaleetan eta Enpaundi inguruan izango dute lehentasuna. Ur pilaketak saihesteko eta euri-jasei aurre egiteko azpiegiturak hobetuko dituzte.

Lazkaoko Udalak 100.000 euroko ezohiko aurrekontu-partida onartu du ekaineko osoko bilkuran, udalerrian euriteen ondorioak arintzen lagunduko duten urbanizazio- eta saneamendu-lan berriak egiteko. 2024ko maiatzean eta joan den ekainean izandako euriteek eragindako arazoak saihestea eta murriztea da helburu nagusia.
Aurreneko esku-hartzeak euri-jasek gehien kalteturiko eremuetan egingo direla azaldu du Udalak publiko egindako oharrean: “Areso, Antzealde eta Enpaundi inguruan azken hilabeteetako euriteek agerian utzi dute saneamendu- eta urbanizazio-azpiegiturak lehenbailehen indartu behar direla, etorkizuneko arazoak ekiditeko”.
Udalak gaineratu du auzo eta kale hauek guztiak aurretik beste eremu batzuetan egindako jarduketei erantsi behar zaizkiela. Amaitutako esku-hartzeen artean leudeke, besteak beste, Mikelar, Santa Magdalena, Esparru, Zubierreka eta San Prudentzioko hobekuntzak, non azpiegiturak hobetu diren sotoetan eta etxabeetan ura pilatzea saihesteko. “Azken euriteek agerian utzi dute jarduketa horien eraginkortasuna, ur-metaketa txikiagoa izan baita esku-hartutako eremuetan”, adierazi du.
Hori gutxi ez eta Lazkaomendi inguruan ere euri urak behar bezala bideratzeko “lan garrantzitsuak” egin direla azpimarratu du Udalak, batez ere Iturgaitzaga eta Lazkaomendi arteko zatian: “Hobekuntza horiek Lazkao Txiki plazari eta Maizpide euskaltegiaren inguruari euri-jasa handietan eragiten zieten metatze-arazoak konpontzea lortu dute”.