Eraitz Saez de Egilaz izango da EH Bilduren taldeko koordinatzailea Eusko Legebiltzarrean
EH Bilduk belaunaldi berrien aldeko apustuaren barruan hartu du erabakia.
Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu) legebiltzarkide beasaindarra.EH Bildu EH Bilduk barne egituran hainbat aldaketa egin ditu azken hilabeteetan, eta horrek eragina izango du Eusko Legebiltzarreko taldean ere. Koalizioak jakinarazi duenez, Eraitz Saez de Egilaz beasaindarra izango da aurrerantzean Gasteizko ganberako taldeko koordinatzailea. Orain arte, ardura hori Oihana Etxebarrietak izan du.
Etxebarrietak beste zer egin bat izango du hemendik aurrera: Gorka Elejabarrietak gidatzen duen EH Bilduren Harreman Politikoen Idazkaritzan ariko da lanean. Hala ere, Eusko Legebiltzarrean duen eserlekuari eutsiko dio.
Koalizioak azaldu du erabakia bat datorrela “belaunaldi berriek ardura garrantzitsuak bere gain hartzeko” egiten duten apustuarekin. Saez de Egilaz 2020tik da legebiltzarkide, eta gaur egun Mahaiko bigarren idazkaria ere bada.












