Lodifobiaz hitz egiteko leku segurua
Ni-rekin elkarteak lodifobiaz hausnartzeko bi saio antolatu ditu Zerainen, azaroaren 15ean eta 29an. Izena emateko epea irekita dago jada.
Ni-rekin elkartea orain bost urte sortu zen pandemiaren testuinguruan. Oihane Lazkanoiturbu zeraindarra, Imanol Santoyo lazkaotarra eta Maddi Etxeberria daude proiektuaren atzean. Pandemiaz geroztik, elikadura portaera nahasmenduen (EPN) gorakada nabaria izan zela diote, eta «kezka» horretatik abiatuta sortu zutela elkartea. Hainbat ikerketen arabera gainera, nerabeen %70a ez da gustura sentitzen bere gorputzarekin. Kasu horietako asko ez daude elikadura asaldura bezala diagnostikatuta, «baina horrek ez du esan nahi larriak ez direnik», zehaztu du Lazkanoiturburuk. Hain zuzen, hutsune hori betetzeko bokazioa ere badu elkarteak.
Datuetan islatzen diren ehuneko horien atzean nerabeak dira gehienak, «nerabezaroa da talde zurgarrienetako bat; are gehiago gaur egun sare sozialen eraginaren ondorioz». Horregatik, nerabeekin saio ezberdinak egiten hasi ziren gai hauetan sakontzeko helburuz. Lodifobia «egiturazko arazo sozial larri» bat den aldetik, «pertsona orori» eragiten diola dio: «Ikasleekin egiten ditugun saioetan garbi ikusten dugu hori, ehuneko handi batek aitortzen baitu, modu batera edo bestera, gai honek eragiten diola». Erantzunak ere «egiturazkoa» izan behar du «begirada gizartean jarriz; fokua norbanakoaren gain jarri gabe».
Isilpeko kezkak
Elkartearen lan esparrua eskolak badira ere, ikasgeletatik irten eta Zerainen bi saio ireki antolatuko dituzte azaroaren 15ean edo-eta azaroaren 29an. Beraien jarduna nerabeengan zentratu dute orain arte, baina «gure gorputz irudiarekin dugun harremanak guztioi eragiten digula konturatu gara, baina oso gutxitan jartzen diogu ahotsa», dio. Zerainen egingo dituzten saioetan modu informalago batean landu nahi dute gaia, «elkartu eta hitz egiteko leku seguru bat eskainiz».
Lagun giroan eta konfiantzaz hitz egiteko talde txikiekin egingo dute lan Zerainen, horregatik bi data jarri dituzte aukeran eta izena ematerako orduan, bata edo bestea aukeratu beharko da. Era berean, galdetegi bat ere bete beharko dute interesatuek, profil ezberdinak identifikatu eta antolatzeko, «taldearentzako inguru seguru bat sortzeko beharrezko informazioa da guretzat», zehaztu du Lazkanoiturburuk.
Parte hartzeko izena elkartearen sare sozialen bitartez —@nirekin.elkartea— edo nirekinn@gmail.com helbidera idatziz eman daiteke.
Zerain, esperientzia pertsonalak partekatzeko leku segurua
Zeraingo saioetan hainbat gai lantzea dute helburu: gorputz irudiarekiko harremanaz hausnartzea; autoirudiaren eraketan eragiten duten faktore soziokulturalak identifikatzea eta faktore horiek norbanakoarengan duten eragina modu kritikoan aztertzea; genero eta intersekzionalitatearen ikuspegitik, autoirudiarekiko atsekabea sentitzeko aukera gehien dituzten talde zurgarriak lantzea eta giro seguru batean, esperientzia pertsonalak elkarbanatzea, besteak beste.
Gosari batekin hasiko dituzte saioak (9:15), egoera informal batean elkar ezagutu eta konfiantzazko eremua sortzen hasteko. Ondoren, landuko dituzten gaien alderdi teorikoa landuko dute, kokatzeko eta amaitzeko, parte hartzaile bakoitzaren bizipenak entzuteko tartea irekiko dute «emozioak azaleratu eta sentimenduei bide egiteko».
Saioak goiz bakarrekoak badira ere, etorkizunean harremanak mantentzea izango da elkartearen erronketako bat. «Gure helburua sare bat eraikitzea da, edozer dela norenagan jo jakiteko», amaitu dute.













