Haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa egingo dute Legazpin

Herriko 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko umeak hartuko dituzte kontuan, eta horien familiei deituta, ikerketa aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, Agirre-etxeberriko Izpien Txokoan.

Legazpin, 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiak behar dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateak udalarekin elkarlanean esku artean duen proiektu baterako. Haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa ari dira egiten, eta proiektua aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, hilak 20, Agirre-Etxeberriko izpien Txokoan, 18:00etan. Haurren familiei aurkezpenera joateko gonbidapena luzatu die udaleko Hezkuntza zerbitzuak

Ikerketa horretan 2020ko abendutik 2022ko ekainera bitartean jaio diren haurren 50 familien laguntza behar da. Hazkuntza osasungarria sustatzea eta haurren osasun mentaleko arazoak prebenitzea helburu du ikerketa honek. Ikerketa eta proiektu aitzindaria da, eta zehazki, familia testuinguruaren kalitatea ebaluatzea eta haurren garapen sozio-emozionalean eragiten duten faktoreak goiz detektatzea bilatzen du. Besteak beste, estresaren kudeaketak edo komunikazio trebetasunek garapen sozio-emozionalean nola eragiten duten aztertuko dute.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, ikerketaren emaitzak “baliagarriak izango dira familiei zuzendutako politika publikoak eta laguntza programak hobetzeko, eta horrela, bizitzako lehen urteetatik garapen sozio emozionala sustatzeko”. Legazpiko familien partaidetza “funtsezkoa” izango da “haurtzaroaren hazkuntza positiboa eta garapen osasungarria hobeto ulertzeko”.

Familiak proiektu hau ezagutzera eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte, “izan ere, osasun mentalerako inbertsiorik onena familiaren jardunbide egokia dela uste baitugu”.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa