Legazpiko Udalak paper fabrika zaharraren eremua erosi dio Lenbur Fundazioari
Erosketa horri esker eremua birgaituko da, eta 200 etxebizitza inguru egin ahal izango dira.
Eric Galvez alkatea eta Lenbur Fundazioko Luis Txillida lehendakaria, Agurtzane Elustondo zuzendari-kudeatzaile eta Antton Ibargutxi idazkaria, akordioa sinatu eta gero.Legazpiko Udala Legazpiko Udalak paper fabrika zaharra erosi dio Lenbur Fundazioari 800.000 euroren truke. Eremu horrek 10.042 metro karratu ditu guztira, eta industrialdeko aparkalekua eta inguruko pabiloi batzuk hartzen ditu.
Erosketa horri esker, 200 etxebizitza inguru eraiki ahal izango dituzte, eta horietatik %40k gutxienez babes erregimenaren bat izango dute. Modu horretara, “herriko etxebizitza eskaera gero eta handiagoari” erantzungo dio udalak, eta “hiri berroneratze integralerako atea ere irekiko du”.
Operazio honekin, “udalerriak eremu estrategiko bat berreskuratzen du, bizitza, jarduera eta aukeren gune berri bat bihurtzeko”.
“Herriarena izan behar zuen berriro”
Eric Galvez alkateak azpimarratu duenez, erabaki honek “etorkizuneko ikuspegi argi bati” erantzuten diola: “Espazio horrek herriarena izan behar zuen berriro”.
Paper fabrikaren ingurua hamarkada askotan “atzeratuta, degradatuta eta udalerriaren egunerokotasunetik deskonektatuta” geratu dela gogoratu du alkateak. “Gaur eraldatzen hasiko gara, eta etorkizun oparoa eta ilusionagarria lortzeko lehen urratsa emango dugu”. Espazio hori berreskuratuta, “hiri eremu moderno, ordenatu, iraunkor eta herriaren bizitzan erabat integratua” sortuko dela azpimarratu du.
Bertan egingo den lan nabarmenetako bat ibaiaren birnaturalizazioa izango dela ere azaldu du, gaur egun egitura eta kanalizazioen azpian baitago. “Gure nortasunaren parte den ura berriro ikusi eta entzungo dugu. Ibaia nabarmen hobetuko da eta presentzia berreskuratuko du, auzoarentzat eta Legazpi osoarentzat ingurune naturalagoa eta osasungarriagoa eskainiz”.
Etorkizuna herriarena da
Erosketa honen ondorioz eraikiko diren etxebizitzekin “hiri garapen orekatua” planifikatu ahal izatez gain, Lenbur Fundazioaren Patronatuan lortutako akordioa ere nabarmendu du Galvezek.
Legazpiko Udalean ordezkatuta dauden EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdietako kideek adostu dute akordio hori, eta “herriarentzat balio handikoa” da: “Egunen batean fundazioak bere jarduera etengo balu edo desagertuko balitz, Txillida Lantoki museoa eta errota udal jabetzakoak izango lirateke”.
Neurri honek “udalerriko kultura ondarearen babesa” indartzen duela ere esan du.
Legazpi aukera gehiagorekin
Eragiketa honekin, “udalak berretsi egiten du anbizioz aurrera begiratzen duen udal ereduarekin duen konpromisoa, bere ingurua zaintzen duena eta belaunaldi berrietan pentsatzen duena”.
“Legazpik erabakitasunez egiten du aurrera. Espazio degradatu bat berreskuratzen dugu, ibaia hobetzen dugu, etxebizitza sortzen dugu eta, batez ere, legazpiarrentzat aukera berriak sortzen ditugu”, amaitu du Galvezek.

Udalak Lenburri erosi dion eremua, airetik.














