Gutuna: Pedagogia baino gehiago
Oiloipurdia jartzen zait Epsteinen kasuaren inguruan zerbait irakurtzen dudan bakoitzean, eta pentsatzen dut zenbat Epstein eta Epsteinen lagun egongo ote diren oligarken eta burgesen mundu honetan.
Duela bizpahiru aste, Ertzaintzarako oposaketak EAEn: arrakasta totala. Astebete geroago, Polizia Nazionalaren bigarren arduradunak bere emaztea jipoitzen duela jakin dugu. Azken hilabeteotan, eskuin alderdien eskakizunei men eginez, Zupiriak delitugileen jatorria publiko egitea zilegi dela defendatu du; etorkinen kriminalizazio-kanpainarako alfonbra gorria. Zaharrak berri, beraz, eta guk ere, erantzun bera: poliziak ez gaitu babesten, erasotu egiten gaitu (eta ez emakume izateagatik soilik). Inondik ere, ez legoke lekuz kanpo gobernuak eta estatistika zentroek indarkeria matxistaren eta polizien arteko korrelazioa gehiago aztertuko balute.
Eta Euskal Herria tristetu duen albistea ere jarri behar dugu erdigunean: 2026ko lehen erailketa matxista gertatu berri da Sarrigurenen. Ama ere zauritu du erasotzaileak. Hori gutxi ez eta, Espainiar estatuan hiru izan dira Castellonen, Madrilen eta Bartzelonan hil dituzten emakumeak. Babesa, elkartasuna eta indarra bidali nahi dizkiegu familiako eta inguruko guztiei.
Vox alderdi faxista Gasteizko campusean inpunitate osoz; Vito Quiles eta Desokupatzaile faxistak, besoz beso, harrotasun nazionalak paparra puztuta, mezu erreakzionarioak zabaltzen eta jendea etxegabetzen; antiabortistak kliniketako ateetan; zaintza-esparrua gero eta pribatizatuago eta prekarizatuago; prostituzio-sareak, Osakidetzako itxaron-zerrenda amaigabeak eta alokairu-sabelak. Hori guztia litzateke, gutxi gorabehera, martxoaren 8a kenduta, gainontzeko 364 egunetan aurki dezakegun panorama.
Hala ere, dena ez da nahigabea, eta martxoaren 8ak zentzuren bat badu, hori borrokarako esperantzarena da. Emakume langileok askatzen lagunduko gaituen euste-horma eraikitzen jarraitzeko deiadarra da. Horregatik, lerrokada honetara ekarri nahi nituzke iaztik, instituzioek eta patronalek etengabe jartzen dizkieten zailtasunen gainetik, borrokan ari diren Gipuzkoako erresidentzia guztiak. Zumarragan greba mugagabeari aspaldi ekin zioten; Ordizian, berriz, indarrez eman diote hasiera duela gutxi; Legazpin ere indarrez atera dira kalera, eta gutxieneko zerbitzuak ia osorik betetzera derrigortzen dituzten arren (% 90ean), nekaezin ari dira borrokan lan-baldintza duinen alde.
Oraindik ere, emakumeon gain erortzen diren lanetan soldata-arrakala nabarmena da eta soldata-arrakala ez da dirutan bakarrik neurtzen: lan partzialak hartu behar izatea, hitzarmenak ez eguneratzea, zaintzarekin lotura duten lanen kargu egitea (bai etxean, bai lan-merkatuan), lan guztien aitortzarik eta soldata berdintasunik ez bermatzea, pentsioak ez parekatzea… hamaika dira sistema kapitalistak eta instituzioek gainditzen ez dituzten errealitateak.
Ez dut ezer berririk esan, baina ez dut Emakume Langileon Nazioarteko Eguna pedagogia hutsean geratzerik nahi. M8aren aitzakiapean (edo M8 egun horretakoa soilik ez, urte osoko ardura delako ustean), borrokarekiko erantzukizuna hartzeko garaia iritsi zaigula uste dut. Zalantza izpirik gabe, arrazoiak badauzkagu.













