Esnatu: arnasguneetako «gainbeherari» aurre egiten laguntzeko «konpromisoak»
Eremu euskaldunek bizirik irauteko dinamika abiarazi du UEMAk, eta «askotariko» hemezortzi eragile izan dira urratsa egiten lehenak: berariazko neurriak hartuko dituzte euskararen erabilera indartzeko.
UEMAko arduradunak dinamikarekin bat egin duten erakundeetako ordezkariekin, gaur eguerdian, Orion.UEMA «UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbehera dela eta». UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik berritu egin du gaur azken urteotan hainbatetan adierazitako kezka: euskara ahultzen ari da eremu euskaldunenetan. Iaz Siadecorekin batera egindako proiekzio demolinguistiko batean aurreratu zuten 2036an erdara nagusituko dela lekurik gehienetan eta ia arnasgunerik ez dela geratuko. Aldaketa eragite aldera, hizkuntza politika «lurralde ikuspegitik» planifikatzeko estrategia baterako abiaburua aurkeztu zuen UEMAk otsailean, eta hor jarritako helburuak lortzen lagundu dezakeen dinamika aurkeztu du orain: Esnatu. Gaur goizean egin du ekinbidearen berri emateko agerraldia, Orion (Gipuzkoa).
Arnasguneetako «gainbeherari» aurre egiten laguntzeko «konpromisoak» sustatzea da dinamikaren helburua. Aitzindari moduan, «askotariko» hamazortzi eragile aurkeztu dira gaur Orion, eta eremu euskaldunenetan euskararen erabilera sustatzeko propio hartuko dituzten neurrien berri eman dute. Hauexek dira eragileak: AEK, IKA, Bankoa Abanka, Laboral Kutxa, Kutxabank, ELA, LAB, Bilgune Feminista, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Euskadiko Futbol Federazioa, Cederna-Garalur elkartea, Euskaldendak, Fagor taldea, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Hekimen, Lanartea eta Euskalgintzaren Kontseilua. Guztietako ordezkariak izan dira gaurko agerraldian.
«UEMAk kezka handia du datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbehera dela eta»
Martin Aramendi. UEMAko lehendakaria
Atzean duten komunitatearen sendotasuna aintzakotzat hartu behar da UEMAri buruz aritzean: mankomunitateak 120 udalerri batzen ditu gaur egun, eta 350.000 biztanleko lurgunea ordezkatzen. Eremu horietan euskarak sendo jarraitzeko urratsek berebiziko garrantzia dute beraz, eta halaxe gogoratu du gaur Aramendik: «Arnasguneak eta lurgune euskaldunenak funtsezkoak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen».
Hemezortzi eragileen artean bat nabarmendu du Aramendik: Bertsozale Elkartea. Izan ere, Esnatu dinamikaren «aitzindariak» haiek izan direla esplikatu du. 2036rako egindako proiekzio demolinguistiko haren ondorioen berri izan ostean hasi ziren mugitzen. «Ondorioekin oso kezkatuta, Bertsozale Elkarteak bilera bat eskatu zion UEMAri», gogora ekarri du Aramendik. «Eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta». Beste hainbat eragile ere bide bera hartzeko prest egon zitezkeela ikusi zuten UEMAn, eta horixe izan zen, hain justu ere, Esnaturen abiaburua.
Albiste osoa Berria.eus webgunean.













