Señora bertso txapelketa Legazpin abiatuko da larunbatean
Edizio berria aurkezteko, bertso bazkaria izango da Gaztetxean, Maider Arregi eta Oihana Arana bertsolariek girotuta. Izena emateko epea irekita egongo da ostegunera arte.
Señora Sariketa larunbatean, apirilak 18, abiatuko da, Legazpin egingo duten aurkezpenarekin. Bertso bazkari baten bueltan aurkeztuko dute bertso txapelketa honen seigarren edizioa. Maider Arregi eta Oihana Arana bertsolariek girotuko dute bazkalondoa, Uxue Fernandezen gaiek lagunduta. Aurkezpen ekitaldi honekin, “keinu berezia” egin nahi izan diote aurreko bost edizioetako antolakuntza taldeari eta, besteak beste, bertan aritu diren hiru kideei.
Bazkaria 14:00etan izango da, eta jadanik zabalik dago izen-ematea, ostegunera arte. Izena emateko senorasariketa@gmail.com helbidera idatzi behar da edo internetez formulario bat beteta. Bazkaria zein saioa egunean bertan ordainduko dira sarreran. Bazkariak 15-20 euroko prezioa dute eta menu begetarianoa izango da aukeran.
Kamisetak eta bertso-papera
Bertso bazkariaren ondotik egingo da aurtengo sariketaren aurkezpena eta bertan iragarriko dituzte xehetasunak eta berrikuntzak. Berrikuntzen artean, Señora kamisetak eta bertso-paper lehiaketa daude.
Kamisetak dagoeneko salgai daude interneten, 15 euroan. Legazpiko saiora ere eramango dituzte saltzeko, eta ondorengoetan ere izango da aukera erosteko.
Bestalde, martxan da I. Señora bertso-paper sariketa. Emakume eta sexu edo genero disidenteei zuzendutako sariketa izango da hau ere. Bertso sortak osatzeko gaia librea izango da, eta lanak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira. Maiatzaren 7a izango da bertso sortak aurkezteko azken eguna, eta sariak Señora Sariketaren finalean banatuko dituzte.













