Bueltan da Bizi Auzoak, San Joanera zabalduta
Buztuntza, Altamira, San Joan, Otegienea eta Erdigunera zabalduko dute aisialdi eskaintza. Herriko eragileen inplikazioa eskertu dute, eta elkarlana sendotzen jarraitu nahi dute.
Ordiziako Udalak iaz jarri zuen martxan lehen aldiz haur eta gazteei zuzendutako kultura eta aisialdi eskaintza berezia auzoetara hedatzeko Bizi Auzoak egitasmoa. Ekimenaren bidez, jarduerak Buztuntza, Otegienea, Erdigunea eta Altamira auzoetara zabaldu ziren, helburu argi batekin: herriko aisialdi eta kultura eskaintza deszentralizatzea eta auzoetako bizitza indartzea. Lehen edizioak herritarren aldetik jasotako harrera bikaina izan zuen, eta horri esker, egitasmoak jarraipena izango du aurten, bigarren edizioarekin. Gainera, aurtengoan berrikuntzak ere izango dira, eta San Joan auzoa gehitu zaio egitarauari.
Ainhoa Jimenez Ongizate, Berdintasun eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, egitasmoaren helburu nagusietako bat da pixkanaka sendotzea eta egonkortzea, urtez urte hazten joan dadin. «Iazko emaitza onek bultzatu gaituzte aurten ere egitasmoari jarraipena ematera. Gure asmoa da pixkanaka eskaintza geroz eta auzo gehiagotara zabaltzea», adierazi du.
Egitaraua igande honetan abiatuko da, eta maiatzaren amaierara arte luzatuko da. HHtik LH6ra bitarteko haurrei zuzenduta dago, nahiz eta arreta berezia jarri duten LH3 eta LH6 arteko adin tartean. Antolatzaileen arabera, ekimenak adin tarte horretako haur gehiago erakarri nahi ditu eta horregatik jarduera espezifiko gehiago programatu dituzte, beren interesei erantzuteko egokitutako edukiak eskainita.
Egitasmoak, halaber, badu beste ardatz estrategiko bat: auzoen dinamizazioa eta espazio publikoaren erabilera sustatzea, bereziki udaberriko hilabeteetan. «Haurrak kalean denbora gehiago ematen duten garai honetan, jarduerak auzoetara gerturatzea bilatu da, aisialdia, kultura eta jolasa uztartuz».
Eragileen inplikazioa
Egitaraua aurrera eramateko tokiko eragileen inplikazioa ere funtsezkoa izan dela nabarmendu du Izaro Intxausti kultura teknikariak. «Hasieratik izan dugu helburu arte diziplina anitzak integratzea eta herriko eragileak egitasmoan txertatzea», azaldu du. Ildo horretan, Ordiziarrock elkartearen ekarpena bereziki azpimarratu du, Majoriko musika lokaletan dauden taldeei parte hartzeko aukera emateagatik eta tokiko sorkuntza sustatzen laguntzeagatik. Hain justu, elkarlan sare hori indartzea eta zabaltzea izango da aurrera begirako erronketako bat.
Hala, udalak adin guztietako herritarrak gonbidatu ditu ekimenean parte hartzera, «auzoak biziberritzeko, harremanak sendotzeko eta haurren aisialdi eskaintza gertutik bizitzeko».
EGITARAUA
Buztuntza
- Apirilak 19: Matraka Culinary Center ikuskizuna, 18:00etan, Otatza plazan. Adin guztientzat. Euria egingo balu, Urdaneta eskolako frontoian.
Erdigunea
- Apirilak 25: Jon Ritter Dj-a, 18:30ean, Elkano kalean. Adin guztientzat.
- Apirilak 26: Yoga, 12:00etan, Barandiaran plazan. LH6 artekoentzat, baina LH1etik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute. 16:30ean, berriz, klariona tailerra eta time lapse grabaketa, plaza berean. Adin guztientzat.
Altamira
- Maiatzak 10: Zirku tailerra, 16:30ean, Jakintza ikastolan. LH1-LH6 artekoentzat. Aurretiazko izen ematea.
San Joan
- Maiatzak 17: Yoga, 12:00etan, saskibaloi kantxan. LH6 artekoentzat, baina LH1etik beherakoek heldu batekin joan beharko dute. 16:30ean, berriz, euskararen ginkana, Filipinak 40 zenbakian. LH1-6 artekoentzat. Aurretiazko izen ematea.
Otegienea
- Maiatzak 30: Ekeko el perroren kontzertua, 18:00etan, saskibaloi kantxan. Adin guztientzat.
- Maiatzak 31: Iago mago, 18:00etan, saskibaloi kantxan. Adin guztientzat.













