Goierri, turismo jasangarriaren mapan kokatuta
Eusko Jaurlaritzak turismo arloko ziurtagiriak banatu ditu lehiakortasunaren ekitaldi ofizialean; ordezkaritza zabala izan du Goierrik.
Ziurtagiriak jaso dituzten ekipamenduen arduradunetako batzuk.Goitur Goierrik turismoaren arloan egindako lana aitortu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Bilboko San Mames futbol zelaian egin duen lehiakortasun ekitaldi ofizialean. Bertan Eusko Jaurlaritzak 2025. urteari dagozkion turismo programetako ziurtagiriak banatu ditu, eta ordezkaritza zabala izan du Goierrik.
Batetik, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa programaren barruan, Goierriko 18 enpresa turistiko ebaluatu dira, eta guztiek gainditu dute prozesua. Programak turismo arduratsua sustatzen du, besteen artean, jasangarritasuna, berdintasuna, tokiko kulturaren babesa ea sektoreko langileen eskubideak ardatz hartuta. Lortutako aitortzak enpresa horiek zerbitzuan eta kudeaketan egindako hobekuntza etengabea berresten du.
Bestetik, Enpresa Turistiko Adimendunaren programak ere emaitza positiboak izan ditu eskualdean. Euskadin parte hartu duten 25 erakundeetatik 21ek amaitu dute prozesua, eta horien artean daude Ordiziako d’Elikatuz Zentroa eta Zeraingo turismo bulegoa. Honek kudeaketa eta erabakiak hartzeko datuen analisiari garrantzia behar adinako garrantzia ematea sustatzen ditu.
Azkenik, Goiturrek berak ere Helmuga Turistiko Adimenduna programaren ziurtagiria jaso du, egiten duen lanari aitortza eginda. Izan ere, turismoaren plangintza eta kudeaketa integrala lantzen ditu, jasangarritasuna eta teknologia uztartuz, Goierri helmuga erakargarriago eta eraginkorrago bihurtzeko.
Ziurtagirien banaketa ekitaldian Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua izan da.
Turismoaren Kode Etikoaren barruan, ebaluaketa gainditu duten Goierriko enpresa turistikoak:
- Ataungo turismo bulegoa
- Beasaingo Dolarea hotela
- Beasaingo Igartza Jauregia
- Erro zerbitzu turistikoak
- GOITUR, Goierri Turismoa
- Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa
- Lazkaoko Urtaro bidaia agentzia
- Ordiziako D’Elikatuz Interpretazio Zentroa
- Ordiziako Ediren Bidaiak bidaia agentzia
- Ordiziako Ordizia hotela
- Ormaiztegiko turismo bulegoa
- Segurako Imaz hotela
- Segurako Erdi Aroko Interpretazio Zentroa
- Zegamako Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroa
- Zegamako Arrieta Haundi nekazalturismoa
- Zeraingo turismo bulegoa
- Zeraingo Oiharte sagardotegia
- Zeraingo Aizpeako Interpretazio Zentroa













