Legazpiko Udal Liburutegiak bat egin du aurten ere liburuaren egunarekin
Azken urteetan bezala, ekintza egitarau zabala prestatu du, irakurzaletasuna bultzatzeko. Lau idazle gonbidatu ditu aurten ikasleekin eta gainerako herritarrekin literatur saioak egiteko. Itsaso Martin, Oihana Iguaran, Iban Zaldua eta Ane Zubeldia dira gonbidatuak.
Itxaso Martin idazlea astelehenean, Legazpiko ikasleekin.Legazpiko Udal Liburutegia Udal Liburutegiak aurten ere herritar guztiekin ospatu nahi du apirilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko eguna eta apirilaren 23ko Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Eguna. Azken urteetan bezala, egitarau zabala prestatu du haurrak, gazteak eta helduak, gazteak eta irakurketara erakartzeko helburuz, eta hainbat idazle eta ipuin kontalari gonbidatu ditu.
Aurtengo gonbidatuak Itsaso Martin, Oihana Iguaran, Iban Zaldua eta Ane Zubeldia idazleak eta Amaia Elizagoien ipuin kontalaria dira. Gonbidatuen zerrenda honetara ikasturte osoan zehar martxan dauden literatur klubak eta idazketa ikastaroak gidatzen dituzten Monica Leiva, Miriam Luki, Mireia Delgado eta Oihana Arana ere sartu dituzte. Haurrei eta gaztetxoei zuzenduta larunbat arratsaldean Latxartegi aretoan eskainiko duten Klera ikuskizuneko duten dantzariak eta musikaria ere gonbidatuen artean daude.
Aurtengo egitaraua astelehen honetan hasi da, Aste Santuko oporren ostean, eta maiatzaren 7ra arte luzatuko da.
Ikasleak idazleekin
Idazleak izaten dira Udal Liburutegiko programazio bereziaren protagonista nagusiak, lau aurten. Itsaso Martin izan da lehena, eta astelehenean herriko Batxilergoko ikasleekin elkartu zen, Kultur Etxeko areto nagusian, Puntobobo lanari buruz hitz egiteko. Eleberri horrek emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak ditu ardatz.
Bigarren gonbidatua Oihana Iguaran izango da. Iguaran Hormak eleberriarekin etorriko da Legazpira ostiral goizean, DBHko ikasleekin elkarteko. Liburu horretan, institutuko sarrerako horman «Lea puta» idatzita aurkitu dute ikasleek, eta ikusi orduko, azpijanean hasiko dira guztiak Leak halako mezua jasotzeko zein arrazoi ote dauden jakiteko.
Herritar guztientzako saioak
Ikasleek ez ezik, gainerako irakurleek ere izango dute idazleekin elkartzeko aukera. Iban Zaldua izango da saio ireki horietako bat eskainiko duen lehena, hileko azken asteazkenean, hilaren 29an. Idazle honek Como si todo hubiera pasado liburuaren inguruan egingo du solasaldia, gaztelerazko irakurketa klubaren barruan, eta Monica Leivak gidatua. Hitzordua 18:00etan izango da, liburutegian bertan. Saio irekia eta egun horretarako liburua irakurri nahi duenak, badu ale bat eskura liburutegian.
Idazleekin antolatutako azken solasaldia Santikutz jaien ostean izango da, maiatzaren 7an.
Orduko gonbidatua Ane Zubeldia izango da, eta honek Kontra liburuaz hitz egingo du, euskarazko irakurketa klubaren barruan, Miriam Lukik gidatua. Saio hau 18:30ean izango da, liburutegian, eta gaztelerazkoan bezala, liburuaren ale bat eskura dute nahi dutenek.
Ipuin kontaketa saioa, berriz, hilaren 22an izango da, Amaia Elizagoienen eskutik. Liburutegian izango da, 17:30ean, 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta













