Ordiziako eta Legorretako udalekuetarako izen-emateak
Ordiziako haurrek apirilaren 24ra arte izango dute udalekuetan izena emateko aukera. Legorretan, berriz, udalekuetako begiraleek apirilaren 20a izango dute izena emateko azken eguna.
Aste santuko oporraldiak pasata udako egonaldietan izena emateko epeak zabaltzen hasi dira. Ordizian atzo zabaldu zen udaleku irekietarako izen ematea, eta hamar eguneko epea izango dute horretarako, apirilaren 24ra arte. Egoitza elektronikoaren bidez zein aurrez egin daiteke, udaletxeko arreta bulegoan (8:00-13:00) edota Gazteriako bulegoan (astearte eta ostegunetan 16:00-18:00).
Ekainaren 22tik uztailaren 17ra egingo dira udalekuak, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, Hitzaro Euskara Elkartearen gidaritzapean. 2015 eta 2021 urte bitartean jaiotakoei bideratuta egongo da; plaza mugatuak egongo dira, eta maiatzaren 8an jakinaraziko da parte hartzaileen behin-betiko zerrenda.
Bi programa Legorretan
Legorretan, berriz, aurtengoan ere haur zein gazteentzako udalekuak antolatu ditu udalak, eta dagoeneko zabalik da bi programetan begirale gisa aritzeko izena emateko epea. Apirilaren 20a izango da horretarako azken eguna. Umeen programarako begiraleen lan kontratuaren iraupena ekainaren 22tik uztailaren 24ra izango da (biak barne), eta gaztetxoen programakoen iraupena, berriz, ekainaren 25etik uztailaren 21era (biak barne).













