Alotza haur eskolako matrikulazioa astelehenean zabalduko da
Haur eskolan bertan presentzialki egin beharko da 2026-2027 ikasturterako matrikulazioa, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 18:00etara.
Ordiziako Alotza haur eskola 2026-2027 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoan integratuko dela jakina bada ere, datorren ikasturterako matrikulazioa gaur arte bezala egingo dela jakinarazi du Ordiziako udalak: presentzialki Alotza haur eskolan bertan, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 18:00etara. Astelehenean, hilaren 20an, zabalduko da horretarako epea, eta maiatzaren 4ra arte iraungo du (biak barne).
Informazio hori jakinaraztearekin batera, beste zenbait xehetasun ere eman ditu udalak: batetik, irailetik aurrera behin ikasturtea hasita hasiko diren haurrek, hilabetero zabalduko diren izen-emate deialdietan eman beharko dute izena; eta, dagoeneko haur eskolako erabiltzaile diren haurren kasuan, bestalde, ez dute izen-emate berririk egin beharko.
Horrez gain, azaldu du Haurreskolak Partzuergoak ez duela sukaldaritza zerbitzurik eskainiko, eta beraz, haurrek etxetik eraman beharko dutela janaria. Hala ere, Alotzak orain arte eskaini duen sukaldaritza zerbitzuarekin jarraitzeko aukera aztertzen ari da udala. Horretarako, familiei izen-emate orrian zerbitzu hori mantentzeko interesa duten edo ez adieraztea eskatu die. Kasu horretan, zerbitzuaren kudeaketa eta kostua familien esku egongo lirateke (guraso elkartearen bidez), nahiz eta udalak bidelagun izateko aukerak aztertzen ari den.













