Beasainen FESTA dinamika herritarra aurkeztu dute
Sigla-joko bat da: Feminismoa, Euskara, Sozialismoa Ta (kolektibotasuna) Askatasuna ditu oinarri. Lehen ekintza jaietako kuadrilla eguneko bazkaria izango da.
Eragileak FESTA dinamika aurkezten, plaza azpian.Laida Goiburu Beasainen FESTA izeneko dinamika herritarra aurkeztu dute. Plaza azpian egin dute aurkezpena, eta kuadrilla eguneko bazkaria izango den lehen ekintzaren berri eman dute.
Beasaingo eragile eta talde askotako ordezkariak elkartu dira dinamika aurkezteko. Maider Insaustik hartu du hitza. Azaldu dutenez, “irekia, parte hartzailea eta etorkizunera begira ekintza ezberdinen bidez eraikitzen joango dena” da dinamika. “Iturri zaharretatik ur berria: hortik dator FESTA”. Herritik eta herriarentzat izateko bokazioz sortu dute, “gogo gaztez eta egiteko era berriak proposatuz”. Ekimen “soil” bat izatetik harago, “belaunaldi aldaketa baten adierazpena ere badela” nabarmendu dute.
Azaldu dute “prozesu bat” dela dinamika: “Denon artean osatuko duguna”. Prozesuaren eta dinamikaren oinarriak finkatu dituzte, eta izenaren bitartez sigla-joko batekin jendarteratu dute: Feminismoa, Euskara, Sozialismoa Ta (kolektibotasunari erreferentzia eginez) Askatasuna ditu oinarri. “Balio horien bueltan eraiki nahi dugulako gure herria. Balio horien inguruan egin nahi dugulako festa. Eta hori guztia modu kolektiboan egin nahi dugulako. Ez dira hitz hutsak; praktikara eraman nahi ditugun oinarriak dira. Eta guztiak elkarlotuta ulertzen ditugu: bata bestea gabe, ez dagoelako benetako FESTArik”.
Horregatik, “emakumeentzat eta sexu-genero disidenteentzat espazio seguru eta erosoak bermatuko dituen, euskara erdigunean jarriko duen, herritik eta herriarentzat sortua izango den, behetik eta ezkerretik sortua izango den eta festa askatasunez biziko duen” festa mota bultzatu nahi dute dinamikarekin.
Tiketak salgai daude
Dinamikaren “lehen pausoa” Loinatz jaietako kuadrilla eguneko bazkarian egingo dute. “Topagune bat” sortu nahi dute, “kuadrillen arteko harremanak indartzeko, giroa pizteko eta jaiak beste modu batean bizitzeko”. Tiketak herri dendan (Arrano Taberna ondoan) daude salgai ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan.
Aurrera begira ekimen gehiago antolatuko dituzte. Parte hartzera animatzeko deia egin dute: “Eta egin dezagun denon artean FESTA”.














