Gipuzkoako bertso eskolen eguna, Lazkaon
Goizetik arratsaldera bitarteko egitaraua dute. 'Gelatik plazara' txapelketaren finala ere jokatuko da.
Gipuzkoako Bertso Eskolen eguna Lazkaon ospatuko dute bihar. Bertsozale Elkarteak Gerriko Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatu duen eguna izango da.
Bertso Eskoletako ikasleei harrera egingo diete, 10:00etan. Jarraian, Gelatik Plazarako bertso finala jokatuko da Ikastolan, 10:30ean. Ondoren, Lazkao Txiki Gogoan ekitaldian parte hartuko dute, 12:30ean. Bertsolariaren marrazki bizidunetako bi bertso kantatuko dituzte ekitaldira gerturatzen diren herritarrekin batera. 13:45ean Lazkaoko frontoian bazkalduko dute. Bakoitzak «etxetik bazkaria» ekartzeko ohartarazi dute antolatzaileek. Bazkalostean haurrentzako jolasak egongo dira, 15:00etan. Amaitzeko, haurrei agurra egingo zaie, 16:30ean.
Gelatik Plazara
Bertso Eskoletako 14 urtez azpiko ikasleei bideratuta dagoen eguna da, eta Bertsozale Elkarteak antolatzen du. 4. Gelatik Plazara egitasmoan, 250 bertsolari gaztek parte hartu dute. Martxoaren 5ean izan zen lehena, eta 7 saio gehiago egin dituzte ordutik. Lazkaokoa azkena izango da. Ekimenean haurrek bi mailatan banatzen dira: LHkoak eta DBHkoak, partaideak 2-4 pertsonez osaturiko taldeetan banatuta.
Gelatik Plazara egitasmoaren helburua ikasleek bertsoarekin gozatzeko gune bat izatea, eta jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzea da.













