Lazkaoko familia bat etxegabetua izateko arriskuan
Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du familiak 8 urte daramatzala etxe horretan alokairu kontratu batekin bizitzen.
Lazkaoko ikuspegia, hilerri ingurutik ateratako argazkian. Laida Goiburu Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakitera eman duenez, Lazkaoko familia bat etxea uzteko mehatxatua izaten ari da. “Familiak 8 urte daramatza etxean alokairu kontratu batekin bizitzen. 2024ko irailean jabe aldaketa eman zen eta jabe berriak ez dio familiari kontratua idatziz egin nahi izan, urte t’erdiz, hilero, alokairua eskura kobratzen jarraitu du”, zehaztu du ohar bidez.
Sindikatuaren esanetan, familia honen diru-iturri bakarra Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) da. “Lanbidek komunikatu dio idatzizko kontratu bat entregatu ezean diru-sarrera kendu egingo diotela”, nabarmendu du.
Egoera horren aurrean familiak sindikatura jo zuen eta haien eskubideen gaineko aholkularitza jaso ondoren, kontratua idatziz jasotzeko eskaera egin zion “beste behin” jabeari.
Etxe jabearen erantzuna
Sindikatuak dioenez, jabearen erantzuna “mehatxuan, arrazismoan eta klasismoan” oinarritu da. “Batetik, jarrera erasokorra izan du maizterra sindikatuarekin harremanetan jarri delako. Bestetik, jarrera arrazistekin umiliatu du maizterra. Eta azkenik, jabe izatearen inpunitateaz baliatu da familia bat egun batetik bestera etxerik gabe uzten saiatzeko”.
Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, “batzuk negozioa egiten duten bitartean, familia proletarioak, eta bereziki arrazializatuak miseriara kondenatuak” izaten ari dira. “Gainera, etxejabeek inpunitatez jarduten dute eta familia hauen babesgabetasunaz probesten dira hauek iraintzeko eta mehatxatzeko. Instituzioek ere egoera hobetu beharrean oztopoak jartzen dizkiete gutxien dutenei”, gehitu du.
Sindikatuak adierazi du ez diotela “espaziorik utziko faxismoaren zuriketari, jarrera arrazisten normalizazioari ezta etxejabeen inpunitateari ere”, eta horren aurrean “antolatzeko konpromisoan” berretsi dira, “arrazakeria eta klasismoaren aurka klase batasunez antolatuz”.













