Udalak patinete elektrikoen gaineko "kontrol-jardueraren" berri eman du
Udalak azaldu duenez, udaltzaingoak hainbat patinete elektriko atzeman eta immobilizatu ditu berriki, baimendutako 25 km/h-tik gorako abiaduran ibiltzeagatik eta erantzukizun zibileko asegurua ez izateagatik.
Herritar bat patinetearekin bidegorrian, artxiboko irudian.Mikel Albisu Udalak hedabideetara helarazitako ohar baten bidez jakinarazi du udaltzaingoak patinete elektrikoen gaineko “zaintza irmoa” mantentzen duela “segurtasuna bermatzeko”, eta udaltzaingoaren “kontrol-jardueraren” berri eman du.
Abiaduran jarri du fokua, eta neurri puntual bat izatetik harago, “udaltzaingoak ofizioz eta etengabe ibilgailu horiek oinezkoentzat sor dezaketen edozein arrisku ezabatzeko” jarduten duela adierazi du. Udalaren arabera, “herritarren kezka soziala eta jasotako kexak dira” komunikatua plazaratzearen arrazoia.
Azaldu duenez, udaltzaingoak hainbat patinete elektriko atzeman eta immobilizatu ditu berriki. “Azken hilabetean kanpaina espezifikoen bidez indartu den zaintza aktibo honen helburu nagusia bizikidetza bermatzea eta bide-segurtasuna arriskuan jartzen duten jokabideak errotik etetea da”, adierazi du. Baimendutako 25 km/h-tik gorako abiaduran ibiltzeagatik eta erantzukizun zibileko asegurua ez izateagatik atzeman dituzte.
Legez zirkulatzeko araudiaren berri eman du: “Derrigorrezkoa da modeloa ziurtatua egotea eta Ibilgailuen Erregistro Nazionalean inskribatuta egotea, identifikazio-etiketa eramatea eta indarrean dagoen erantzukizun zibileko asegurua edukitzea”.

Udaltzaingoak immobilizatutako patineteak.Beasaingo Udala













