Lazkao Txiki berriz erne dute
Joxe Migel Iztueta bertsolariaren jaiotzaren 100. urteurrenean, haurrez inguratuta, dantza, kantu eta bertso artean gogoratu dute. Harekin bertsotan ibilitako batzuek eta gazteagoek koplatan gogoratu dute Lazkao Txiki eta haren ondarea.
Lazkao Txiki gogoan dute Lazkaon eta Goierrin. Jaio zela 100 urte beteko dira aurten, eta berriz erne da Abalineko bertsolari aztia. Haren izena duen plazan, eta hari egindako harrizko eskulturaren aurrean, ehunka lagunek omendu, goxatu eta oroitu dute Joxe Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki. Musikazko, dantzazko eta, nola ez, bertsozko ekitaldi ikusgarria izan da, erpin askotatik etorritako gonbidatuek erdigunean Lazkao Txiki jartzeko.
Oin Arineko hiru dantzarik egindako Agurrarekin hasi da ekitaldia, Lazkao Txiki Musika Eskolako bi trikitilarik musikatuta. Musika eskolako “amonak” atera dira ondoren –adinekoen musika klaseko kideak–, eta Martxa baten lehen notak abestu dute. Bakuntza taldeko kideek Zetak taldearen Itzulera abestiaren koreografia dantzatu dute jarraian, ilusio kutsagarriz. Eta Oin Arineko helduen taldeko dantzariek Korrontziren Ederregia zelako interpretatu dute ondoren.
Horraino, aurkezpenak. Bertsolarien txanda iritsi baita hurrena. Lazkao Txikirekin plazak, oholtzak, bizipenak eta jakituria elkarbanatu zituzten Iñaki Murua, Millan Telleria eta Jexux Mari Jauregi Altzo Txiki, eta Iban Urdangarin eta Iñaki Apalategi gazteagoak aritu dira. Lazkao Txikik esandako edo utzitako perlak bertsotu dituzte, eta kopla eran kantatu dituzte.
Azken zattan, musika eskolak kantu koraleko abesbatzak pianoarekin bi abesti kantatu ditu, Gipuzkoako Bertso Eskoletako ordezkariek Txiki handia zinen zu bertsoak kantatu dituzte piano doinupean –marrazki bizidunetan betikotutako bertsoaldi ezaguna–, eta Bakuntzak beste dantza bat egin du. Kalejira batekin amaitu da ekitaldia.
Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna Lazkaon
Bertsoak uzta gehiago ere utzi du gaur Lazkaon. Batetik, Lazkao Txikiren omenaldiarekin jarraituz, Gerriko Txokoan bertso bazkaria egingo dute. 40 bat lagun elkartuko dira, eta June Aiestaran, Nerea Elustondo eta Aitor Sarriegi ariko dira bertsotan.
Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ere Lazkaon ari dira ospatzen, bestetik. 5. eta 6. mailetako 80 bat haur etorri dira Gipuzkoaren luze-zabaletik. 15 bertso eskolak parte hartu dute euren arteko egunean. Goizean bat-bateko bertso lehiaketak egin dituzte, Gipuzkoako 9 azpieskualdeetatik sailkatutako talde banarekin (bi, hiru edo lau laguneko taldeak). Multzo batean, Ordiziako bertso eskolako Aiert Solis, Jule Galparsoro eta Mara Domaika izan dira txapeldun –txapela buruan dutela egon dira omenaldiko ekitaldi guztia–, eta beste multzoan Donostiako Zurriola Ikastolako eta Añorgako Bertso Eskolako Peru Lizartza eta Iker Busto atera dira txapeldun.













