Urretxu-Zumarragako bertsolari taldea, Gipuzkoako Herriarteko finalaurrekora
Zaldibian jokatutako Goierri-Tolosaldea eremuko kanporaketan garaile atera da Urretxu-Zumarraga 1 taldea; Alegiako Boskaturekin kantatu dute.
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan aurrera jarraitzen du Urretxu-Zumarraga 1 taldeak. Atzo iluntzean, Zaldibiako Herri Antzokian, Goierri-Tolosaldea eremuko final-laurdenetako kanporaketa gainditu zuten, Alegiako Boskatu taldearekin buruz buru kantat ondoren. Urretxuko eta Zumarragako bertsolariek 16 puntu batu zituzten, eta alegiarrek 14.
Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandez bertsolariek, eta Leire Akizu gai jartzaileak eta Jon Mendizabal epaileak osatzen dute Urretxu-Zumarraga 1 taldea. Goierriko kanporaketa Lazkaoko Biziolan irabazita sailkatu ziren eskualdeen arteko final-laurdenetara. Hurrena, finalaurrekoan Tolosan kantatuko dute goierritarrek, maiatzaren 16an, Hernani eta Txingudi-A arteko kanporaketako irabazlearekin. Finala Aian da, maiatzaren 30ean.

Fernandez, Iturriotz eta Mantxola kantuan, atzo, Zaldibiako antzokian. / Gipuzkoako Bertsozale Elkartea














