Lazkaoko osasun zentroa denbora baterako lekualdatuko dute
Lazkaoko anbulategia berritzeko obren prestaketa lanak hasi dira, eta osasun zerbitzua Ikastolan jarri dituzten moduluetan eskainiko dute.
Lazkaon osasun zerbitzua eskaintzeko jarri dituzten moduluak. Lazkaoko Udala Lazkaoko Ikastolako moduluetan behin-behineko osasun zerbitzua ematen hasi dira, gaur, apirilaren 20an; osasun zentroa berritzeko obrak prestatzen hasi direlako. Osakidetzaren luzapen gisa funtzionatuko du. Mediku zein erizaintzako kontsultekin, itxaroteko guneekin eta administrazio-guneekin. Aldi baterako zentroa izango den arren, segurtasun, irisgarritasun eta erosotasun baldintza guztiak bermatu, eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko adierazi du Lazkaoko Udalak.
Anbulategia berritzeko proiektua Osakidetzak Lazkaoko Udalarekin lankidetzan bultzatu du. Obrek 24 hilabeteko iraupena izango dute, eta 5,48 milioi euroko balioa. Eraikin berriak 1.359,65 metro koadroko azalera edukiko du, egungo eraikina hirukoiztuz, eta egungo lehen mailako arretaren beharretara egokituko da. Beheko solairua sarbide zuzeneko zerbitzuetarako izango dela azaldu du udalak, hala nola harrera, larrialdiak eta itxarongelak. Goiko bi solairuak, berriz, medikuntza orokorreko, pediatriako eta ginekologiako kontsultak izatera bideratuko dituzte.













