Korrikaren 12. egunean doako euskara saioak
Goierrin, Beasainen eta Ordizian eskainiko ditu AEK-k saioak, bihar. Maiatzean berriz, euskara praktikatzeko mintzodromoak antolatuko dituzte.
Doako euskara saioak eskainiko ditu AEKk Ordizian eta Beasainen. AEK 24. Korrikak sortutako atxikimendu sozialari jarraipena emateko asmoz, AEK-k Korrikaren 12. eguna izeneko egitasmoa aurkeztu du, euskararen sustapenean urrats berriak emateko helburuarekin. Egitasmoaren bidez, euskararen aldeko konpromisoa lasterketaren 11 egunetatik harago eramatea nahi dute, eta bide batez, euskararen ikaskuntzara hurbiltzeko aurreneko urratsa erraztu, eguneroko praktikan eragin eta herritarren parte-hartzea sustatzea.
Horretarako, hasiberrientzako ordubeteko doako euskara eskolak eskainiko dituzte bihar Euskal Herriaren luze-zabalean; baita Goierrin ere, besteak beste Ordizian (17:00-18:00) eta Beasainen (10:00-11:00), goizez zein arratsaldez.
Ekimen horren garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek, eta gainerako eragileak ere bide horretan ekarpena egitera gonbidatu dituzte: «Asmo handiko helburuekin abiatu genuen lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen da askotan; horregatik da beharrezkoa euskararen normalizazioari begira jendarteko hainbat esparrutan aurrerapausoak egiten jarraitzea».
Mintzodromoak, maiatzean
Doako euskara saioak ez ezik, mintzodromoak ere antolatuko ditu AEK-k datorren maiatzaren 21ean. Guztira 65 saio aurreikusi dituzte Euskal Herri osoan, eta horietako bat Ordizian egingo dutela jakinarazi dute.
Mintzodromoak elkarrizketarako «espazio dinamikoak» dira, non parte-hartzaileek modu informalean euskaraz aritzeko aukera izaten duten.
Helburua da, beraz, egun horretan euskararen erabilera ahalik eta gehien handitzea, herritarrei hizkuntza praktikatzeko «gune irekiak» eskainita.
Horrexegatik egin dute mintzodromoen aldeko apustua, horrelako egitasmoek «funtsezko zeregina» baitute hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen presentzia soziala indartzerako orduan.













