Santa Ana jaietarako ekarpenak jaso nahi ditu Ordiziako Udalak
Galdetegi bat zabaldu du herritarren ekarpenak jasotzeko; udalaren webgunean eskuragarri dago. Jai batzordeak bultzaturiko ekimena izan da.
Ordiziarren urteko egunik kuttunenak badute dagoeneko data berria, eta udala prestaketetan murgiltzen hasia da jada, festa batzordearekin elkarlanean. Izan ere, 2026ko Santa Ana jaiak uztailaren 18tik 26ra bitartean ospatuko dira, ospakizunak ohi bezala bi asteburutan banatuta.
Azken hilabeteetan egin duten jai nagusien inguruko hausnarketa dela eta, jaiak hobetzeko helburuarekin, Ordiziako Udalak herritarren iritziak jaso nahi izan ditu. Galdetegi bat jarri du herritarren eskura, norberak jaien inguruan dituen hobetzekoak zein ekarpenak konpartitzeko.
Modu honetara, ordiziarrek ere aukera izango dute euren gustuko jarduerak proposatzeko, musika-taldeei buruzko euren gustuak adierazteko eta jaietako beste hainbat alderdiren inguruko ideiak emateko. Horrez gain, orain arteko jaietako formatuaren inguruan ere hitza eman dezakete: hobetu beharreko alderdiez, faltan botatzen dituzten elementuez, egun berezien proposamenez…
Galdetegia udalaren webgunean eskuragarri dago jada eta udalak Jai Batzordeak bultzaturiko ekimen honetan parte hartzera eta galdetegia bera inguruan zabaltzera gonbidatu ditu herritarrak.
Hurrengo bilera apirilaren 29an
Bestalde, Jai batzordearen hurrengo bilera gogorarazteko ere aprobetxatu du udalak. Datorren apirilaren 29an elkartuko dira berriro, asteazkenarekin batera, arratsaldeko 18:30ean, Barrenako Biltzar Aretoan. Azaldu du bilera irekia izango dela eta herriko eragileez gain, herritar guztiak parte hartzera gonbidatuta daudela.













