Altzagatik iritsi da urteko lehen patata
Onddoa ere berritasunen artean sartu behar da. Duela aste gutxi batzuk zizek ireki zuten perretxiko denboraldia indartzera etorri da.
Udaberria aurrera doa, eta Ordiziako feriara iristen doaz poliki-poliki urtaro honetakoak diren produktuak, garaian garaikoak. Patata izan da iritsi den azkena, eta horrekin batera, baita onddoa ere, duela aste batzuk zizak ireki zuen perretxiko denboraldia indartzeko. Gaurko bi berritasun nagusiak izan dira horiek.
Patata berria Altzagatik iritsi da feriara, Arantxa Lopetegiren sorotik. Maria Jesus Oria ilobak ere bere postuan izan ditu gaur salgai, eta bietan kiloak 3 euro egin du. Lopetegik azaldu duenez, Monalisa motako patatak dira. Goiz datorren patata mota da hau, eta gutxi batzuk erein omen zituzten Etxeberri-Goikoa baserriko lurretan, Eguberriak igaro eta berehala, etxeko hazia erabilita. Urteko uzta nagusia jasotzeko oraindik aste batzuk falta direla ere esan du.
Onddoak iritsi dira
Perretxikoen beste urteetako ugaritasunerako ere oraindik falta dela dirudi. Beste batzuetan, Gasteizko San Prudentzio jaien aurretxoan hasten dira saltzen feriako beste bi perretxiko saltzaileak, Barcina eta Barandiaran, baina aurten ez dago oraindik horien arrastorik. Izan ere, eskas dabil produktu hori oraindik.
Duela aste batzuk zizak iritsi ziren, eta gaur urteko lehen onddoak ere ikusi dira Mikel Lasaren postuan. Miren Pagolak eta Alain Manjarresek aurkeztu dituzte, kiloa 40 euroan. Pieza txikiak ziren, borobil-borobilak eta oso itxura onekoak. Guztira 10 kilo jarri dituzte salgai.
Horiekin batera, zizak ere izan dituzte salgai, 25 kilo denera, 85 euroan. Miren Lopetegik ere bazituen zizak, prezio berean. Perretxiko honen eskaintza zabaltzen doa astetik astera, eta horrekin batera, prezioa jaisten hasita dago.
Landareetan, lehen ilarak
Barazki landareak saltzen dituzten hiru postuetan udari begirako eskaintza dagoeneko osatuta daukatela esan daiteke, eta aste honetarako iragarritako eguraldi onak lagunduta, eroslerik ere ez dute falta. Ilara txiki batzuk sortu dituzte gaur goizean, iragarpen horiei begira.
Tomate, piper, tipula, leka, uraza, kuiatxo, luzoker… denetik dago aukeran, eta gaurtik baita urteko porrua (ehunekoa 4,5 euroan) eta albaka ere, azken hau euro batean.
Agurra eta bisitak
Gaurkoa agurrerako feria ere izan da. Jon Etxeberria erlezain eta ezti saltzaile ataundarrak amaitutzat eman du feriako salmenta denboraldia. Hemendik aurrera, Gozatu markako produktuak erosi nahi dutenek, berarekin jarri beharko dira zuzenean harremanetan. Oraindik generoa baduela esan du.
Bisitak ere izan dira, gazteak. Tolosako Orixe institutuko ikasleak izan dira gaur Ordizian, D’Elikatuz zentroko gidariekin batera azokako eskaintza eta azokako saltzaileak ezagutzen.














