Bi egun oin puntetan, Korostik gonbidatuta
Asteburuan dantza eta musika izango dira nagusi Legazpin, dantzariek antolatuta. Larunbateko gonbidatuak Xabi Solano eta Kimua dira, eta dantzari txikiak igandekoak.
Legazpiko Oin Puntetan Asteburua izango da datorren hau, Korosti dantza taldeak antolatuta. Dena prest dago festa honen osagai nagusiak izango diren larunbateko ikuskizunerako eta dantzari txikien igandeko topaketarako. Oin Puntetan Asteburuaren hirugarren aldia izango da, eta egun gutxitara hasiko diren Santikutz jaien aurrekaria ere bai, beste behin.
Legazpiko dantzariek Xabi Solano Maiza abeslaria eta Kimua Dantza Kolektiboa gonbidatu dituzte aurtengo astebururako. Guztien artean, ikuskizun bat eskainiko dute larunbatean, Urbeltz pilotalekuan, 22:00etan hasita. Musika eta dantza uztartzen dituen emanaldi honetarako sarrerak salgai daude 10 euroan, eta egunean bertan 12 euroan erosi ahal izango dira, pilotalekuan.
Aldez aurretik erosi nahi dituenak online ditu eskuragarri sarrerak, edo bestela, Kukue eta Gurrutxaga tabernetan, Laubide jatetxean, Laubideko estankoan eta Oskarbi optikan.
Haurrak ere oin puntetan
Dantzari txikien topaketa, berriz, igande goizean egingo dute, Haurrak Oin Puntetan izenarekin. Aurtengo ediziorako Korostik gonbidatu ditu Legazpiko bertako Sustraiak, Beasaingo Aurtzaka, Gabiriako Goruntz eta Antzuolako Oinarin taldeak. Bizkaitik ere etorriko dira dantzariak, Abadiñoko Talde Batuak taldekoak, eta Nafarroatik beste bi talde ere bai, Iruñeko Oberena, eta Lizarrako Larraiza hain zuzen. Korostiko dantzariek ere parte hartuko dute topaketan.
Dantzarien desfilean eta egingo dituzten dantza saioetan musika jartzeaz Legazpiko Goiz Deia txistukariak eta Nafarroako Doinuzar dultzaineroak arduratuko dira, dantza talde bakoitzeko musikariekin batera.
Dantzari gaztetxoak 11:00etan elkartuko dira Laubiden, eta hamaiketakoa egin ondoren, kalejiran abiatuko dira plazarantz 11:45ean. Han, 12:30ean elkartu eta dantza emanaldia egingo dute guztiek batera.













