Dozenaka mendi korrikalari, Gazte Festen barruan Korostiko igoera bertikala berpizteko
Legazpiko Gazte Asanbladak antolatutako Lehen Gazte Festen barruan egin zen mendi proba larunbat goizean. Brilet txapelketa ere egin zuten, eta Atletiko Maetiliko izan zen irabazlea. Musikak ere izan du lekua asteburuan.
Asteburuan Legazpin ospatu diren Lehen Gazte Festak arrakasta hutsa izan dira. Santikutz jaien atariko, Legazpiko Gazte Asanbladak ekitaldiz bete ditu ostirala eta igandea, eta egundoko giroa izan da bi egun horietan Gaztetxean zein kalean.
Kirola eta musika izan dira lehen Gazte Festa hauen ardatz, eta lehen atalean Korostiko Igoera Bertikala nabarmendu behar da, 2018tik egin gabe egon eta gero, aurten berreskuratu dutelako gazteek. Dozenaka lagunek parte hartu zuten, plazatik irten eta Korostiko tontorrerainoko igoeran. Plazan giro paregabea izan zen korrikalarien irteeraren aitzakian, baina are handiagoa Korostin, korrikaldiak amaitzean. Proba honetan ez zizkieten sariak eman denbora gutxien egindakoei, baizik eta partaide guztien artean egindako zozketako irabazleei. Hauek izan ziren sariduna: Aitor Zialtzeta, Lia Alonso, Jone Ugarte eta Asier Leizeaga.
Brilet txapelketak ere partaide ugari bildu zituen goizean, eta arratsaldean, Azokan Txitxiki taldeak prestatutako bazkaria amaitu eta gero egin zen finalean, Atletiko Maetiliko taldeak irabazi zuen .
Musika, berriz, ostiralean hasi zen Gaztetxeko Ixkiñan egindako mikro irekiaren saioarekin, eta jarraipena izan zuen larunbat arratsaldean, 3indarrok elektrotxaranga nafarrak herriko kaleetan zehar egindako kalejira jendetsuarekin. Gauean Mungiako Lukiek (Bizkaia), Hilketa pun rock (Zizur, Nafarroa) eta Abstemikkos legazpiarrak igo ziren oholtza handira, eta Tolosako Intz Dj-ak itxi zuen gaua.
Legazpiko Gazte Asanblada “oso pozik” geratu da Legazpiko Lehen Gazte Festekin.
ARGAZKIAK: Nahia Kaspistegi – @nahiargazkiak
























