Legazpiko EH Bildu "kezkatuta" dago Bikuña industrialdeko trafikoaren berrantolaketarekin
Aizkorri kaleko obrek eraginda, aparkalekuak egokitu ditu udalak han eta errepidea norabide bakarreko bihurtu du. Neurri hauek "planifikazio egokirik gabe eta eragileekin beharrezko elkarrizketarik egin gabe" hartu direla salatu dute.
Legazpiko EH Bilduk “kezka” agertu du Aizkorri kaleko obren ondorioz Bikuña industrialdean trafikoa ordenatzeko udalak egin duen azken jarduketaren inguruan.
Bikuña industrialdean aparkaleku berriak sortu ditu udalak, eta kale hori norabide bakarrekoa bihurtu du. Era berean, bidegorria espaloian markatu du. EH Bilduren iritziz, “neurri hauek planifikazio egokirik gabe eta eragileekin beharrezko elkarrizketarik egin gabe hartu dira”.
Koalizioak martxoko osoko bilkuran salatu zuenez, “denbora asko izan dute trafikoa berrantolatzeko, proiektua idatzi zenetik denbora luze joan baita obra hasi arte. Baina ez da prozesu egituraturik egin”. Gainera, aparkalekuak margotzeak “arazo praktikoak” sortu dituela ere esan zuen, “besteak beste, autobusek maniobratzeko zailtasunak zituzten, eta zenbait aparkaleku baliogabetu behar izan ziren”.
Bestalde, “bereziki kezkagarria” da espaloian margotu duten bidegorria. “Orain arte, asteburuetan industrialdeko kalea oinezkoen eta bizikleten erabilerarako itxi egiten zen, baina gaur egun neurri hori ez da mantentzen”. Horren ondorioz, bizikletek eta oinezkoek espazio bera partekatu behar dute, eta udako hilabeteetan “egoera deserosoak eta arriskutsuak sor daitezkeela” aurreikusten dute.
Halaber, EH Bilduk azpimarratu du horrelako neurriak hartzean “ezinbestekoa” dela herritarrei informazio egokia ematea tokian bertan. Neurria indarrean jarri eta hilabete igaro den arren, “oraindik ere badira kontrako noranzkoan dabiltzan ibilgailuak, seinaleztapen faltaren ondorioz”.
Egoera honen aurrean, EH Bilduk iragarri du bihar egitekoa den osoko bilkuran berriz ere udalari eskatuko diola alternatibak aztertzeko. Koalizioaren arabera, “segurtasuna lehenetsi behar da, eta aparkaleku faltari beste erantzun bat eman”.













