Eskaintza mikologikoak gora egin du nabarmen
Barandiaranek eta Barcinak hasi dute salmenta denboraldia. Biak ziza ugariz hornituta iritsi dira. Lore sorta ederrak ere salgai izan dira gaur, eta igandeko Amaren egunerako ere erosi ditu landareak jendeak.
San Prudentzio ospatu eta gero, Arabako perretxiko saltzaileak iritsi dira Ordiziako feriara, zizaz beteta gainera. Garbiñe Barandiaranek eta Felix Barcinak hasi dute aurtengo denboraldia, eta jarri dituzte postuak ohiko lekuetan, Jakes etxearen inguruan biak. Datozen asteetan bertan izango dira, perretxikozaleen apetak betetzeko gogoz. Mikel Lasak Plaza Nagusian duen postuak ere emango du horretarako aukera.
Bi saltzaile berriekin, dezente hazi da eskaintza mikologikoa. Gaur, 132 kilo ziza eskaini dituzte guztira, plaza barruan Patxi Arizmendik eta Arantxa Lopetegik salgai zituztenak batuta, eta kiloa 33 eta 70 euro artean kokatu da. Lasak eta Barcinak onddoak ere bazituzten, 36 kilo guztira, eta kiloa 25 eta 45 euro artean jarri dute. Azkenik, boilurrak ere eskaini ditu Barcinak, unitatea 5 euroan.
Baina perretxiko eskaintza zabaltzeaz gain, gaur lore berriak ere ikusi dira. Kala ugari dago oraindik, eta gaurtik baita krabelin frantsesa ere Arantxa eta Maite Zurutuzaren postuan, eta arrosa gorria ere bai Anttoni Murgiondorenean. Bietan lore sortak 5 euroan zituzten salgai.
Ekoizle ekologiko
Berritasun gehiagorik ez da aurkeztu gaur, baina Natalia Magallanesek bazuen zer kontatu. Izan ere, bi urteko probaldiaren edo prozesuaren ondoren, lortu du ekoizle ekologikoaren ziurtapen ofiziala, eta harro asko erakutsi die bezeroei postuan jarrita zuen agiria. Sustrai Askeak izenarekin ekoizten ditu Magallanasek barazkiak Bidania-Goiatzen, 600 metroko altueran dagoen paraje batean.
Altuera horrek hainbat produkturen ekoizpenean atzerapena eragiten dio, lurrak beherago dituzten beste ekoizle batzuekin alderatuta, eta horren erakusle, bere postuan oraindik salgai dituen karduak. Baina barazkiak beranduago heltzen bazaizkio ere, hori ez da traba izan Ordiziako ferian bere lekua egiteko eta bezeroen artean estimua lortzeko.
Amarentzako opariak
Loreen eskaintzara itzulita, Iñaki Azanzaren postuan dagoen aukerari erreparatu behar zaio. Garaiko lore koloretsuz beteta du postua, izan geranio, begonia, margarita edo krabelin. Baina gaur Zaldibiako lore saltzaileak arreta berezia jarri die beste lora batzuei, igandean ospatzen den Amaren egunari begira bezeroak erosi dituen horiei.
Otsailaren 14ko maiteminduen egunerako ez zuela ia ezer apartekorik saltzen aitortu zuen data haren bezperan, baina Amaren egunak loreak erosteko gogoa pizten zuela esan zuen orduan. Maiatzaren lehen igandea izaten da Amaren eguna, datorren hau beraz, eta Azanzak adierazi du nabaritu duela salmenta gehiago. Lora gorri ikusgarria duen anthurium izenekoa (18,9 euro), kolore askotako kalanchoea (6,5 euro), eta orkidea izan dira gehien saldutakoak (19,5 euro).
Ordiziako ferian dagoeneko ez, baina badago oraindik denbora amari oparia egiteko loreak erosteko aukera.
Hezurdun frutak
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetara ere iritsi dira berritasunak, hezurdun frutak, hain zuzen ere. Ia postu guztietan daude salgai albertxikoak (5,95-7,95 euro artean), eta melokotoiak eta brinoiak (7,75 euroan).
Gereziak laster iritsiko direla ere iragarri dute fruta saltzaileek.
Bisitari gazteak
Bisiten atalean, azkenik, bi talde aipatu behar dira. Batetik, Donostiako Cebanc ikasketa zentroko Turismo eta merkataritza graduko ikasle talde bat ibili da azoka eta Ordiziako erdigunea ezagutzen, eta bestetik, Tolosako Orixe institutuko ikasle mordoa.
Bi taldeek D’Elikatuz zentroko gidariekin egin dute bisita.














