Santikutz egoitza eta Doinua musika eskola, elkarlanean
'Legazpiko doinuak' izenarekin, proiektu bat gauzatu dute elkarrekin, belaunaldi ezberdinen arteko harremana sendotzeko eta oroimen kolektiboa lantzeko helburuarekin. Egoiliarrek eta musika ikasleek kontzertua eskainiko dute gaur egoitzan, 17:15ean.
Kontzertu berezi bat izango da gaur Santikutz egoitzan, 17:15ean. Doinua Musika Eskolako ikasleek eta egoiliarrek parte hartuko dute, eta urtean zehar elkarrekin landu duten Legazpiko doinuak izeneko proiektuaren emaitza erakutsiko dute.
Proiektu honek belaunaldi ezberdinen arteko harremana sendotzea eta oroimen kolektiboa lantzea izan du helburu, musika ardatz hartuta. Horren erakusle, gaurko kontzertuan hamar abesti eskainiko dituzte, ikasleek egindako moldaketekin eta hainbat perkusioaren bidez, egoiliarren partaidetzarekin.
Eguraldiak lagunduz gero, emanaldia egoitzako lorategian egingo dute, eta herritar guztiei irekita egongo da. Bestela, barruan egingo da, eta edukiera mugatua izango da. Lehentasuna egoiliarren familiek eta ikasleen familiek izango dute, eta ondoren, lekua izanez gero, gainerako herritarrei sartzen utziko zaie, betiere edukiera kontrolatuz, eta egoiliarren egunerokotasuna errespetatuz.
Proiektu honek udalaren laguntza jaso du, eta udal ordezkariek adierazi dutenez “agerian uzten du musikak belaunaldiak elkartzeko duen indarra, eta Legazpin sortzen ari diren harreman eta esperientzia aberasgarriak”.














