Aralarko larre irekiera festa izango da bihar, Larraitzen
Goizetik eguerdira arteko festa antolatu du mankomunitateak. Ausa-Gazteluko eguna ere ospatuko dute.
Aralarko larre irekieraren irudia, iaz, Larraitzen. Laida Goiburu Enirio Aralarko Mankomunitateak Aralarko larreen irekiera festa egingo du bihar, ohi bezala maiatzaren lehenean, Larraitzen. Jende andana gerturatzen da festa giroa bizitzera, produktuak erostera edota abereak larratzen ikustera. 10:00etan hasiko da jardunaldia eta bertsolarien saioarekin amaituko da, eguerdian. Abere erakusketa (behor, ardi, ahari, asto, behi eta ahuntzak), eskulagintza saioak eta bertako jakien salmenta izango dira goizean zehar jarriko duten azokan. 11:00etan Iker Sukia eta Aritz Markinez trikitilari-pandero jotzaileen txanda izango da.
Larre irekiera ofiziala horren ostean izango da, 12:00etan, eta suziria botatzearekin batera, artalde eta behiak Larraizko langatik gora abiatuko dira abeltzainekin. Irekieraren ondoren, abereak larreetan utzita, herri kirolez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Malen Morandeira zein Hodei Iruretagoiena harri-jasotzaileak eta Jakes Iruretagoiena eta Oihana Barrena aizkolariak ariko dira. Bertsotan, berriz, Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi. Autobus zerbitzua egongo da.
Ausa-Gazteluko eguna
Ipuztar Nafarrak eta Nabarralde elkarteek Ausa-Gaztelu eguna ospatu dute egun berean. 1200. urtean Gaztelak Euskal Herria zatitu zuela gogoratu nahi izan dute aurten ere, Nafarroako erresumaren gaztelu bat egon zen tokian. Larraitzen bihar egingo duten topagunean, euskalnafarrei omenaldia egiteko aprobetxatuko dute, bai Gazteluan bertan, eta baita Larraitzen ere, Oroitplakaren aurrean. Bazkariarekin amaituko dute.













