Errenazimentuko pinturen aurkezpen instituzionala egin dute Andre Maria Zeruratuaren elizan
2021. urteko ekainean Beasaingo Andre Maria Zeruratuaren elizak aldundiari jakinarazi zion erretaulako pieza batzuk erortzear zirela. 2022ko uztailean desmuntatze lanei ekin zieten, eta uztailaren 14an horma-irudiak argitara atera ziren.
Javier Churruca parrokoa,
Goizane Alvarez Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol foru diputatua, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusia, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria, Andre Maria Zeruratuaren elizan.Laida Goiburu 2021ean hasitako ibilbideari amaiera instituzionala eman diote gaur Beasaingo Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Elizbarrutiko ordezkariek. Andre Maria Zeruratuaren elizan agertutako Errenazimentu garaiko pinturak zaharberritzeko prozesuan parte hartu duten erakundeak parrokian elkartu dira prentsaren aurrean prozesuaren berri eman eta aurkezpen instituzionala egiteko.
2021. urteko ekainean Beasaingo Andre Maria Zeruratuaren elizak aldundiari jakinarazi zion erretaulako pieza batzuk erortzear zirela, eta erretaula desmuntatzeko beharra adierazi zuen azterlan batek. 2022ko uztailean desmuntatze lanei ekin zieten, eta uztailaren 14an, atikoko piezak jaisterakoan, horma-irudiak argitara atera ziren. Hala, erretaulako lanak alde batera utzi gabe, hormetan agertutako pintura horiek aztertzen hasi ziren, eta data eta egilea zehaztu zituzten: 1.555eko data dute, eta Juan Perez de Landa margolariak margotu zituen.
2023ko ekainean margoak zaharberritzen hasi ziren –Artez Restauracion arduratu da lanez–, eta 2024ko abenduan amaitu zituzten. 2025eko maiatzean aldare nagusia aurreratu eta hormatik bereizitako egitura bat ipini zuten hormako pinturak ikusteko aukera izateko. Zaharberritzeko erretaula 2025eko abenduan muntatu zen, eta 2026. urte hasieran gainontzeko lanak amaitu zituzten: argiztapen berria, erretaulen eta organoaren garbiketa eta nabeko hormen margotzea.
Prozesu horren parte izan direnei eskerrak eman dizkiete hitza hartu duten denek aurkezpen instituzionalean. Aurrena Javier Churruca elizako parrokoak ongi etorria eman die denei, zutik, prentsaurrekorako prestatuta zegoen mahaian eseri gabe: “Eliz honen izenean ongi etorri, eta erakundeei esker ona azaldu nahi dizuet, gaur hemen erakutsiko duguna posible egin duzuelako”.

Goizane Alvarez, Mikel Aranguren, Leire Artola eta Urkiri Salaberria.Laida Goiburu
Ondoren, prentsarako prestatutako mahaian eserita, Leire Artola Beasaingo alkatea izan da hitz egiten lehena. “Ezusteko pozgarri baten amaiera borobil” gisa deskribatu du aurkezpena, eta “harrotasuna” agertu du: “Esan dezakegu gure nortasun eta ondarea aberastera etorri dela ezkutuan zegoen altxorra”. Eskerrak eman dizkio aldundiari “proiektuaren ardatz, zutabe eta babes izateagatik”, jaurlaritzari “ondarearen babesean duen konpromisoagatik”, elizari, “udalak beraiekin sinatutako elkarlanean ikusten delako elizak ere artea eta historia berreskuratzeko konpromiso sendoa duela”, eta langileei, “lan zorrotz eta profesionalarengatik”.
“Inbertsio estrategiko bat” Beasainentzat
Beasainentzat horma-irudiek duten garrantziaren inguruan aritu da gero. Alkatearen esanetan, artea berreskuratzeaz gain, “inbertsio estrategiko bat” da Beasainentzat, herriarentzat “balio anitzeko tresna” izango baita, besteak beste turistikoki izan dezakeen eraginagatik: “Gaurtik aurrera Beasainen eskaintza turistiko berri bat indartuko du, eta Beasain mapan kokatuko du kultur izaera horretan. Hezkuntza tresna paregabea izango da, artea eta historia gertutik ezagutzeko aukera, eta komunitatearen harrotasuna ere sustatuko du, alegia, elkarrekin gure sustraiak zaintzen jakin izan dugulako”.
Goizane Alvarez Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol foru diputatuak historia osatzerakoan aurkikuntza horrek duen balioa nabarmendu du, “memoria kolektiboko zati bat sekretupean” egon delako hori aurkitu arte: “Beasaingo, Gipuzkoako eta Euskadiko kontakizuna osatu gabe zegoen, eta honek kulturaren bidez gizarte kritikoago eta ondorioz askeago bat eraikitzen lagunduko du”.
Kolektibotasunari heldu dio Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak ere, eta adierazi du erakundeen lana dela horrelako prozesuak “aitortzea eta balioan jartzea”. Zuhaitzekin egin du paralelismoa elkarlana adierazteko: “Ondarean askotan gertatzen da begi bistan dauden gauzak ez ditugula ikusten. Ondarea sustraietan aritzen da, saretze lanean. Hau herritik sortu zen eta herriari bueltatzen diogu egonkortua. Horretarako batzen gara eta bakoitzak bere zatia jartzen du; hori da komunitate baten muina, eta lan guztiak funtsezkok dira”.

Aldare nagusia aurreratuta, hormatik bereizitako egitura eta horma-irudiak.
Prentsaurrekoa amaitzeko, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusiak hartu du hitza. Erakundeei ez ezik, “ezkutuan lanean ari direnei eskerrak” eman dizkie: “Ze pazientzia, ze eskuzabaltasunarekin ulertu duten proiektuaren garrantzia”. Etorkizunean egin du azpimarra gero, eta elizaren tokia aldarrikatu: “Proiektu honek erakusten du gure Euskal Herri maitearen historian eliz ondareak toki garrantzitsua izan duela, duela eta izan behar duela etorkizunean, gure ahaideei eta kulturari zor diogulako”.
Erakundeetako ordezkarien hitzen ostean, Cristina Fernandez zaharberritze lanen koordinazioan lanean jardun duen arte kontserbatzaileak erretaula eta horma-irudi errenazentisten zaharberritzeen inguruko azalpenak eman ditu.

Cristina Fernandez arte kontserbatzailea azalpenak ematen.Laida Goiburu














