Lizarrustiko aterpetxeak ateak zabaldu ditu, bi urteren ondoren
Gaur egin dute inaugurazioa; Diana Liyen Tocancipá da maizter berria. Bi urteko etenaldia hobekuntzak eta egokitzapen lanak egiteko baliatu dute.
Diana Liyen Tocancipá Sabogal, Lizarrusti aterpetxeko maizter berria. Izaro Villarreal Bi urtean itxita egon ondoren, Lizarrustiko aterpetxea berriz ere martxan da. Gaur eguerdian egin dute inaugurazioa, eta aurrerantzean, Diana Liyen Tocancipá Sabogal kolonbiarra izango da maizter berria. 33 urte eman ditu ostalaritzan, eta oraingoan, Aralarko parke naturaleko erreferentziazko gune honek berriz ere ostalaritza-jarduera berreskuratzea ahalbidetu du. Izan ere, establezimenduak taberna-zerbitzua eta ostatua eskainiko ditu, bertako produktuez beteriko gosari, bazkari eta afariez osaturiko eskaintza zabalarekin. Maiatzetik abuztura bitarte, egunero goizez zein arratsaldez egongo da irekita; udazkenean, berriz, jarduera murriztu eta astearteetatik aurrera irekiko ditu ateak, goizeko ordutegian. Urteko sasoi bakoitzeko bisitari-fluxura egokitzea da asmoa. Maiatzaren 15etik aurrera ere hilabetean behin arratsalde girotuak antolatuko dituztela ere aurreratu du jabeak: ekitaldiak, ikuskizunak…
Martin Aramendi ere izan da inaugurazioan, eta azaldu zuen ataundarrentzat «pozgarria» dela Lizarrusti berriz ere martxan egotea: «Ataunentzat toki estrategikoa da Lizarrusti, historia handikoa… urteetan ibili izan gara gora eta behera, eta geldialdia egiteko aukera edukitzea ederra da. Urte askoan itxita egon den arren, espero dugu urte askotarako izan dadila gaurko irekiera».
Bi urtean, aldaketak
Aterpetxea itxita egon den bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat hobekuntza eta egokitzapen lan egin ditu eraikinean. Egindako lanen artean nabarmentzekoak dira hezetasun eta isolamendu arazoak konpontzea, energia hornidura berritzea, erakusketa-gunearen eraberritze osoa eta biltegiratze sistemaren optimizazioa. Orain, erabat eraberrituta, gogotsu dira sasoiari heldu eta negura bitarte bisitariei «ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko».
«Ataunentzat toki estrategikoa da Lizarrusti, historia handikoa… Urte askoan itxita egon den arren, espero dugu urte askotarako izan dadila gaurko irekiera»
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Etenaldiak bi urte iraun badu ere, Aralarko parke naturaleko jarduera ez da erabat eten. Ingurumen-hezkuntzako programak, sentsibilizazio ekimenak eta naturaz gozatzeko aisialdi-jarduerak normaltasunez garatzen jarraitu dute. Hala ere, azpimarratzekoa da aterpetxearen berraktibazioan zenbait zailtasun izan direla. Zailtasun nagusietako bat kudeaketa bere gain hartuko zuen maizterra aurkitzea izan da, izan ere, horretarako deitutako zenbait lehiaketa publikoetan ez zuen inork bere burua aurkeztu. Azkenerako, 2026ko otsailaren amaieran sinatu zen kontratua maizter berriarekin, eta ordutik instalazioak prestatzeko lanetan aritu dira.
Parketxea zabalik, iaztik
Lizarrustiko Parketxeak ere bere kultur paisaien edertasunari eta aberastasunari buruzko ikuspegia ematen duen erakusketa berritu batekin ireki zituen ateak iazko otsailean, birgaitze eta eraberritze lanak egiteko urtebetez itxita egon ondoren.

EGUTEGIA ETA ORDUTEGIAK
- Maiatza: Astelehenetik igandera (09:30-16:00). Afariak: 19:00-20:30
- Ekaina: Astelehenetik igandera (09:00-16:00). Afariak: 19:30-20:30
- Uztaila eta abuztua: Goizez (09:30-16:00) eta arratsaldez (17:30-21:00)
- Iraila: Astelehenetik igandera (09:30-16:00)
- Urria: Asteartetik igandera (09:30-16:00)
- Azaroa: Asteazkenetik igandera (10:00-16:00). Astelehenetan eta astearteetan, itxita.
- *Oporrak: Abenduaren 15etik urtarrilaren 15era













