Peru Saroiko pistan hormigoitze lanak egin ditu Partzuergoak
Lazkaolatza eta Peru Saroi arteko pistan egin dituzte berrikuntzak. Lanak pasa den udazkenean hasi zituzten eta orain, orduan bukatu gabe utzitakoak amaitu dituzte.
Peru Saroi inguruko pista berritua, gaur goizean, Urbian. Hitza Urbian, Peru Saroira bitarteko pista hormigoitzeko lanak egin ditu Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak azken egunetan, bertako ganaduzaleek hala eskatuta. Maria Eugenia Amenabar, Partzuergoko arduradun teknikoak esan duenez, gaur egun 24 ganaduzalek dituzte animaliak inguru horietan: 9 artzainek eta ganadu larriaren 15 jabek. “Kotxez Urbiara iristeko Araba aldetik joan beharra dago eta sarrera egokia edukitzea beharrezkoa da”, esan du teknikariak.
Hormigoitze lanak ez datoz bat Urbia bezalako natur parke batean bete beharreko baldintzekin, “azken esku hartzea izan beharko litzateke eta oso arrazoitua egin behar da bere erabilera kasu honetan bezala”, aitortu du Amenabarrek. Pista egokitzerako orduan, beste material batzuk erabili izan dira iraganean, baina “aldi baterako soluzioa” baino ez direla dio. “Hormigoia sendoagoa da eta gehiago irauten du”, arrazoitu du. Oreka bilatzen saiatu da partzoneria, “parke naturala errespetatu baina irisgarritasuna bermatuko duen” soluzio baten bila. “Ganaduzaleak eta artzainak hori eskatzen ari dira eta Partzoneria horri erantzuna ematean ari zaio”, zehaztu du.
Urtero zati bat
Hormigoitze lanak garestiak dira eta urtero pista zati bat ari dira berritzen. Lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendi sailaren Goilarre programaren laguntza jaso dute eta partzoneria osatzen duten herrien ekarpen ekonomikoa ere bai.
Egin berri dituzten lan hauekin iaz hasitakoak amaitu dituzte. “Lazkaolatzako gainetik Peru Saroi arteko pista da berritu dena. Pasa den urteko udazkenean hasi zituzten lanak, baina zati bat amaitu gabe geratu zen. Orain egin diren lanak zati hori amaitzeko egin dituzte Peru Saroiko harrapalekuraino”.
Hormigoitze lanak amaituta daude, baina atzo eta gaur pistako ertzak leuntzeko lanetan ari dira. Lanak gaur emango dituzte amaitutzat.















