Txistularien hitzen zain Santikutzak hasteko
Goiz Deia bandako musikariek pregoia egingo dute gaur udaletxeko balkoitik. Hitzorduz eta ekitaldiz beteriko festak eta asteak dituzte aurretik.
Goiz Deia bandako txistulariak: Zutik, Paulo Ormazabal, Jon Mikel Murua, Maider, Iker Azpeitia, Gurutze Arruebarrena, Eneko Murgiondo eta Angel Beldarrain; makurtuta, Ekain Maniega eta Javier Muñoz. Ander Ugarte eta Igor Azpiroz falta dira. Tere Madinabeitia Goiz Deia bandako txistulariek hitzordu garrantzitsua dute gaur arratsaldean. Santikutz jaietako pregoilariak dira, eta 19:00etan udaletxeko balkoira aterako dira hitz batzuk esateko, txistua jotzeko eta txupina jaurtitzeko.
«Oso pozik» egingo dute pregoia txistulariek, «herriak gugan pentsatu duelako festa hasierako ekitaldirako. Festatan asko ibiltzen gara, ekintza askotan parte hartzen dugu, eta egiten dugun horri aitortza bat da».
Gaur «hitz gutxi» esango dituztela aurreratu dute, «festak lehenbailehen has daitezen». Txistua ere jo behar dute, erraldoiek dantzatzeko pasodoble bat.
Konpromiso garrantzitsu honekin konplituta, beste batzuk izango dituzte Santikutzetan: «Klasikoko eta pilota finaleko sari banaketetako aurreskuak, maiatzaren 3ko goizeko kalejira eta ezpata-dantzaren ekitaldi osoa, Kapela dantza eta Mirandaola egunekoak». Festak eta gero, hitzordu gehiago ere badituzte maiatzean zehar. Maiatzaren 16an taldekide batzuk Baionara joango dira Txistulari Egunera, eta beste batzuk Legazpin geratuko dira, aurresku txapelketaren finalean jotzeko. Hurrengo asteburuan, berriz, Legazpin ospatuko den Musikaldian parte hartuko dute.
Iker Azpeitia, Maider Apaolaza, Eneko Murgiondo, Javier Muñoz, Jon Mikel Murua, Paulo Ormazabal, Igor Azpiroz, Gurutze Arruebarrena, Ander Ugarte, Ekain Maniega eta Angel Beldarrain dira gaurko Goiz Deia txistulari bandako kideak. Gehienak, udaletxeko balkoian izango dira arratsaldean.













