Santikutzetako herri danborrada, inoizko jendetsuena
Maiatzaren 2ko gauean aterako da kalera, 700dik gora partaiderekin. Eguraldi txarrerako plan alternatiboa prestatuta dago. Azken urteetako antolatzaileek utzi egingo dute lana ondoren, eta beste talde bati pasako diote erreleboa.
Herri danborrada Santikutz jaietako ekitaldirik jendetsuena izango da aurten ere, 700 partaideko langa gaindituta. Inoiz izan duen partaidetzarik handiena da. Maiatzaren 2ko gauean izango da, 22:30ean hasita.
Aurten ere partaideak banatu egingo dira, hiru ibilbide desberdin egiteko, erdigunean elkartuko dira guztiak, gauerdirako plazara iristeko. Han egingo dute azken ekitaldia. Eguraldi iragarpenak ez dira momentuz oso onak, baina antolatzaileek prestatu dute plan alternatiboa. Euria bada ere, danborradarik gabe ez dira geratuko legazpiarrak.
Hemeretzi konpainia
Aurten hemeretzi konpainia izango ditu danborradak, horietako bi berriak, Ilintxa upelekin eta Korosti dantza taldea danborrekin. Ilinti merkatari elkarteak berriz parte hartuko du, etenaldi baten ondoren, upelekin. Bestela, danborra joko dute baita ere Plazaola, Arraseta, Lekanazpi, Gaztetxea, Hegialde, La Salle. Haztegi eta Andraitz konpainiek. Upela joz, berriz, Uztano, Lekanazpi, Sorgintxulo, La Salle, Gaztetxea, Lekanazpi, Hegialde eta Sustraiak aterako dira.
Danbor eta upel jotzaileez gain, abanderatuak eta figuranteak ere izango dira, azken horien artean olagizonak eta gastadoreak. Saskiekin ere joango dira hainbat partaide, Ormazarretako zaldiak eta zaldunak, Urretxuko Ipeñarrietako idiak eta Andoni Gutierrez astoarekin.
Musikaren atala, berriz, Legazpi Musika Bandak beteko du batetik, bi taldetan banatuta; Jesus Castillejok zuzenduko du bat, eta Edurne Zabalok bestea. Trapalata txarangak ere joko du danborradan, eta amaieran, plazako ekitaldian Santikutz abesbatzak Legazpiko ereserkia abestuko du.
Hiru ibilbide
Hiru zutabetan banatuko da danborrada. Bat, Laubide, Santikutz kalean behera joango da, eliza parean beste bi taldeekin elkartzeko. Bigarrena ere Laubidetik aterako da, eta San Ignazio, Juanastegi, Itxaropen eta Gaztetxea igarota, Txorronea parean elkartuko da hirugarren zutabearekin. Azken hau Aizkorri kaletik aterako da, eta Bikuña-Enea plazan pieza batzuk jo eta gero, Txorroneara joango da. Hiru taldeek Nafarroa kalea eta Kale Nagusia zeharkatuko dituzte batak bestearen atzetik, eta plazan amaituko dute ibilbidea.
Euria eginez gero, alternatibak ere badaude pentsatuta. Hala, leHen zutabeak Olamendi eskolako kantxa estalian joko luke, bigarrenak Urbeltz pilotalekuan, eta hirugarrenak, Bikuña Enea plazako arkupeetan. Kasu honetan 23:30ean hasiko lirateke jotzen.
Gaur, haurrena
Bestalde, haur eta gaztetxoen danborrada gaur aterako da 18:00etan, eta Laubide, Santikutz, Patrizio Etxeberria, Nafarroa, Kale Nagusia eta Euskal Herria plaza ibilbidea egingo du. Euria eginez gero, Bikuña kiroldegian egingo da.
Danborrada honetan korporazio txikiak parte hartuko du. Aurten June Odriozola izango da alkatea, eta Lucas Magra, Maia Trejo, Markel Imaz eta Alaia Ibarguren zinegotziak.
Herri danborradan errelebo bila
Aurtengoa izango da gaurko antolaketa taldeak herri danborradaz arduratuko den azkena. Duela egun batzuk ohar bat kaleratu zuen horren berri emanez, eta erreleboa behar zela azalduz. Hemen idatzitako oharra:
“Danborradaren antolaketa taldeak jakinarazi nahi du gure ibilbidea amaitzeardagoela, eta aurtengoa izango dela gure azken urtea lan honetan.
Duela urte batzuk denon artean adostu zen bezala, antolaketa lan hau txandaka egingo zela danborrada osatzen duten konpainia artean. Helburua ardura partekatua izatea, lanaren zama banatzea eta ekimenaren jarraipena modu orekatuan bermatzea.
Gure taldeak konpromiso eta ilusio handiz hartu zuen ardura hau, eta urte hauetan guztietan ahalegin handia egin dugu danborradaren antolaketa ahalik eta ondoen aurrera eramateko. Orain, hasieran adostu zen moduan, lekukoa pasatzeko garaia iritsi da.
Horregatik, danborradaren jarraipena bermatzeko, ezinbestekoa da antolaketa lan hau bere gain hartuko duen talde berri bat osatzea. Parte hartzen duten konpainia eta kide guztiak animatu nahi ditugu pausoa eman eta ardura hau hartzera, gure jaia bizirik eta indartsu mantentzeko.
Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan lagundu diguten pertsona, konpainia eta erakunde guztiei. Zuen laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen egindako lana.
Orain, etorkizunari begira, guztion artean danborradaren tradizioari eusten jarraitzea dagokigu”.













