Santikutz jaietako ganadu feria, geroz eta nabarmenago
Herriko ganaduzaleen eta baserritarren lanaren erakusleiho bihurtu da goizean Kale Nagusia. Artisauek ere izan dute tokia. Bittori astakumearen pisua asmatzeko jokoak arrakasta handia izan du.
Legazpiko Kale Nagusia herriko ganaduzaleek eta baserritarrek egiten duten lanaren erakusleiho bihurtu da gaur. Azken urteetan maiatzaren 2ko goiza eskaintzen zai Santikutz jaietan ekitaldi honi, eta geroz eta arrakastatsuagoa dela esan daiteke. Gaur, eguraldia lagun, herritar ugari elkartu ditu.
Ganadua bera da feriaren osagaietako bat, eta gaur behorrak eta zaldiak, astoak eta ahuntzak bildu ditu, hainbat traktore ikusgarrirekin batera. Hori gutzia Kale NAgusiaren barrenean zegoen kokatuta, eta goi aldean, artisauak, janari salmenta postuak eta Txirbilek egurrezko lanak eta Xalinkoren zermika erakustaldiak. Jatekorik ere ez da falta izan, Mieltxo Saralegiren taloekin eta gau osoa burdintzian erretzen egon den Lakiola Haundi baserriko txekorren pintxoekin, Gure Esku Dago Solkie taldeak salgai jarritakoak. Musika, berriz, Legazpiko Dultzaineroek jarri dute. Eta jolaserako tartea ere izan dute gaztetxekoek eta haurrek, Elizondo aurreko plazatxoen jarri duten herri kirol parke txikiarekin.
Feria honek izan du beste protagonista bat ere, Bittori astakumea. Agirrezabel baserrian Jone Aranburuk mimo handiz hazia, hilabete pasatxo besterik ez dauka, eta 38 kilo eta 200 gramo pisatzen ditu. Maite Ugalde asmatu du bere pisua, eta biharko pilota profesionaleko partidarako bi sarrera irabazi ditu. Beste bi sarrera jaso ditu opari Esteban Markinezek, 38,100 kiloko pisua duela esateagatik.













