Legazpiko Musika Banda, Santikutz jaiei amaiera eman dien 'Erregina'
Queen musika talde ezagunari eskainitako kontzertu zirraragarria eskaini zuen atzo iluntzean plazan, Jon Gurrutxuaga abeslaria eta Patxi Zabaleta gitarra jotzailea gonbidatu zituela. Hurrengo asteburuan Kapela Dantza eta Mirandaola Eguna izango dira.
Legazpi Musika Bandak amaiera ikusgarria eman zien atzo Santikutz jaiei. Queen taldearen inguruan muntatu zuen ikuskizunak plazako ‘erregin’ bihurtu zuen banda.
Jesus Castillejok zuzenduta eta Xegun Altolagirrek aurkeztuta, ordu eta erditik gorako musika saio ziragarria eskaini zuten herriko musikariek. Baina bandak gonbidatu bereziak izan zituen okasiorako: Jon Gurrutxaga, bere ahots bikainarekin, eta Patxi Zabaleta, gitarrarekin. Ana Belen Garciak pianoarekin lagundu zien, baita bi legazpiar gaztek ere: Aiur Goikoetxeak bateriarekin, eta Mattin Merinok baxuarekin.
Eguraldiarekin gorabehera batzuk izan eta gero, ordu erdiko atzerapenez hasi zen kontzertua, eta plaza publikoz goraino bete zen. Santikutz jaien lehen txanparen amaiera ezin hobea izan zen.
Oraindik bi jai egun geratzen dira aurtengo festak ixteko. Larunbatean Kapela Dantza egingo dute Sustraiak dantza taldeko kideek Goiz Deia txistulariekin, eta igandean Mirandaola eguna ospatuko da, prozesio, meza, ezpata-dantza, burdinolako erakustaldi, jaialdi eta bazkari eta guzti.















