Foto-plegu saioa eta erakusketa egonaldi artistikoa borobiltzeko
Asier Gogortzak Ezkion egin du egonaldi artistikoa martxoan zehar. Doako foto-plegu saio irekia asteburuan izango da, Igartubeitin. Egonaldiaren azken emaitza erakusketa batean bilduko du Gogortzak.
Asier Gogortza martxan zehar Ezkion egin duen egonaldi artistikoan. GOTZON ARANBURU Asier Gogortzak (Bera, 1976) martxoan zehar Argiak harrapatzeko tramankuluak izenburupean Ezkion egindako egoitza artistikoaren azken emaitza erakusketa batean bilduko du. Egoitza artistikoa Igartubeiti baserri museoak deitu zuen, Patrim 4.0 proiektuaren barruan eta AHTaren obrek azken hamarkadetan Ezkioko paisaian eragin duten aldaketa islatzea izan du helburu, argazkilaritza estenopeikoaren teknika erabilita. Erakusketa museoen nazioarteko egunaren atarian inauguratuko da, maiatzaren 15ean, baina aurretik, asteburu honetan foto-plegu saio irekia egingo dute Igartubeitin.
Martxoan zehar, argazkilaritza estenopeikoaren teknikan sakontzeko hainbat saio egin ditu Gogortzak Ezkion. Ezkioko hiru bizilagun aritu dira «buru belarri» Gogortzarekin batera lanean, nahiz eta egin dituen saio irekietara beste bizilagun batzuk ere gerturatu diren. Argazki kamera «primitiboak» sortzea izan zuten lehendabiziko lana: «Ezkioko baserri eta ganbaretan aritu gara bila, traste zaharren artean afizionatuen etnografia ariketa bat egiten», kontatu du Gogortzak. Marmitak, sagardoa gordetzeko kupelak, irrati eta plantxa zaharrak erabili dituzte argazki kamerak egiteko. Teknika honekin harremanetan jartzeko «aitzakia» izan da eta lehenengo aldiz ezagutu dutenentzako «ikasketa prozesu bat» ere izan dela dio Gogortzak. Kamera primitibo hauek egiteaz gain, «argazkiak errebelatzen eta negatiboak positibatzen ikasi dute».
Lau begirada
Behin argazki kamerak sortuta AHTaren obren arrastoak irudietan biltzea izan da bigarren pausoa: «Lau begirada izan dira, hiru ezkiotarrena eta nirea. Paisaiaren eraldaketa bildu dugu argazkietan eta azpiegitura guk nola begitantzen dugun azaltzen saiatu gara». Bizpahiru asteko lana izan da eta guztira 300 negatibo edo argazki bildu dituzte.
300 argazki horiekin argazki instalazio bat osatu dute eta ikusgai dago jada Igartubeitin: «Niretzako zirkulua ixteko modu bat da. Baserrietatik atera ditugun eta iraganeko bizimoduaren parte diren tresna horiek berrerabiliz, argazkiak atera dizkiogu oraingo paisaiari eta etorkizuna bezala saltzen diguten azpiegitura horri. Instalazioa bi garairen arteko talka bat da; errealitatea eta ametsen artean».
Egonaldi artitikoaren osagarri, larunbatean (10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara) eta igandean (10:00etatik 14:00etara) doako foto-plegu saio irekia egingo dute Igartubeitin. «300 negatibo horietatik abiatuta fanzineak sortuko ditugu, moztuz, itsatsiz edo gainean idatziz», azaldu du. Saioa Herrialde Katalanetako Pliegos kolektiboak gidatuko du.
Azkenik, AHT vs AHT izenburupean irekiko dute erakusketa maiatzaren 15ean eta uda amaitu bitartean egongo da ikusgai Igartubeitiren interpretazio zentroan. Erakusketak egonaldi artistikoaren prozesu guztia bilduko du eta ateratako argazkiekin batera, asteburu honetan egingo dituzten foto-plegu edo fanzineak eta prozesuan zehar erabilitako argazki kamera primitiboak ere jarriko dituzte ikusgai.
Argazkiak: GOTZON ARANBURU



























