Gaztandegi bisitagarri berria eraikitzeko lanak azken txanpan sartu dira
Gaur goizean egindako bisita berezi baten bidez azaldu du Adur Ezenarro alkateak obrak aurreikusitako epeen arabera doazela. Ekainerako amaitzea aurreikusten da.
Proiektuan parte hartzen ari diren enpresetako kideak, alkatearekin batera, gaztandegiko astearte goizeko bisitan. Izaro Villarreal Ordizian gaztandegi berria eraikitzeko lanak azken txanpan sartzera doaz; dagoeneko egin dituzte zenbait doikuntza lan, eta badoa gutxika-gutxika bisitagarria izango den gaztandegi berriaren itxura hartzen. Hain zuzen, gazta egiteko toki soila baino gehiago izango da Gazta Kooperatiba berria, kokapen berria izateaz gain, bisitagarria ere izango baita.
Teknologia berrienarekin, gaztaren ekoizpen eta ontze prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da eraikin berrian. Gazta dastatzeko aukera ere egongo da bisitaren bukaeran, bai eta erosketa egiteko aukera ere. Gaur goizean hedabideekin aurreneko topaketa egin du Adur Ezenarro alkateak, eta azaldu duenez, obrak aurreikusitako epeen arabera doaz; ekainerako amaitzea aurreikusten da.
Ezenarroren esanetan, Felix Ajuria, Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakariaren ideia jarraitu dute proiektu berrian: “Ajuriak beti esaten zigun pena handia zela herri erdian gaztandegi bat eduki eta bisitariak jasotzeko prestatuta ez egotea”. Ideia horri tiraka eta asteazkenero Ordiziako azokak zein D’elikatuzek jende asko erakartzen zuela ikusita erabaki zuten proiektu honi bide ematea.
Next Generation funtsaren diru laguntzarekin finantzatu dira lanak, ‘Ordizia lurraldea dastatzen’ proiektuaren baitan, D’elikatuz Interpretazio zentroaren berrantolaketarekin, eta Oianguko aterpetxea berreskuratzearekin batera. Eitzen arkitektura enpresa da proiektua gauzatzen ari dena, Joseba Altuna ingeniari agronomoak lagunduta, eta Idiazabalgo Iparragirre enpresa da, berriz, obra egiten ari dena.
Ezenarroren ustez, horrek guztiak “balio erantsia” eta “tokikotasuna” ematen dio proiektuari, eta ziur da proiektu honekin Ordizian beste “elementu garrantzitsu bat” sortzea lortuko dutela: “Tokiko kulturaren, nortasunaren eta gastronomiaren erakusleiho izango da, eta bisitariak gure lurraldea den Goierri ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango du”.
1990tik Zuhaizti azpian
Ordiziako Gazta Kooperatiba 1990an jarri zuten martxan, Aralarko artzainei gazta egitea, biltegiratzea eta salmenta errazteko helburuarekin. Ordiziako Udalak Jose Migel Barandiaran plazaren atzealdean -Zuhaizti azpian- utzitako lokalean egokitu zuten gaztandegia, baina bertako azpiegitura “zaharkitua” geratu da, eta orain arte erabili izan duten bi artzain kooperatibistek, utzi egin dute Ordiziako gaztandegiko jarduna. Zentzu horretan, proiektu berri honek etorkizunari ere begiratu nahi diola azaldu du Ezenarrok: “Artzaintzan hasi nahi duten gazteentzat aukera berriak sortu nahi ditugu, sektorearen belaunaldi-erreleboa indartuta”.
Horretarako, Arana kaleko 17. zenbakian zabalduko duten espazio berria “aproposa” dela ziurtatu du, “handiagoa” izateaz gain, argi naturala eta bisita gidatuak jasotzeko “baldintza egokiak” jasotzen baititu, “ekoizpena eta esperientzia turistikoa modu integratuan uztartuta, baina behar bezala bereizita”.
Konektatutako bi solairu
Hasierako aurreikuspenetan, solairu bakarreko gaztandegia egitea pentsatu bazuten ere, Arana plazan elkarren gainean dauden solairuetako bi udalarenak zirela aprobetxatuta, bi solairu izatea erabaki zuten. Bi solairu eta bi helburu, Suitzako gaztandegi batetik hartutako ideian oinarrituta. Beheko solairuan, gazta egiteko eremua jarriko dute, eta goiko solairuan, berriz, estrategikoki egin dituzten leiho, zulo eta beirazko paretetatik, bisitariak gaztaren prozesu osoa jarraitu ahal izango du.
Solairuaren erdian dago beiraterik nabarmenena, eta bertatik gaztaren mamitzea, edukiontzietan sartzea eta gaztaren prentsatzea ikusi ahal izango dute. Beste bi beirateak, berriz, txikiagoak dira, lurrean kokatuko direnak, eta bi hozte-kamara izango dira horietako bakoitzaren azpian. Horietako batetik, aurreneko azala sortzeko prozesua ikusi ahal izango da, eta bigarren beirazko zulo batetik, berriz, azkenengo ontze prozesua. Era horretan, “bisitagarria izateak ez du oztopatuko gazta egiteko prozesua, eta baldintza sanitarioak bermatuko dira”.
Azkenik, beste lehio bat ere zabaldu dute goiko solairuko fatxadan, Txindoki eta Aralarreko ikusmira duena. Horrek “osotasuna” ematen diola dio Ezenarrok. Gaztandegi berriak, guztira, 528.360,40 euroko inbertsioa izango du.

Gaztandegiaren bigarren solairuko leihoetatik ikusi ahal izango da gaztaren prozesua.Eitzen arkitektura













